Hasiera paregabea izan du hirugarren laurdenak bi minutu eta erdian 8-0eko partziala lortuz, Kintanaren bi hiruko eta Atxaren saskiratze batekin. Defentsan ere hobeto ibili dira etxekoak eta Kintanak errezitaldia eman du 6,75eko marratik haratago; sei minututan lau hirukotik lau sartu ditu eta biko beste saskiratze bat. Hori eta Atxak taula azpian egindako beste bi saskiratzeei esker, markagailuan 21 puntuko aldea lortu dute etxekoek; 56-36.
Lehia apurtzeko aukera paregabea izan da, baina laurdeneko azken hiru minutu txarrak egin ostean, Askartzakoak markagailuan gerturatu dira eta aldea bederatzi puntura jaitsi dute; 58-49. Defentsan errebote larregi galtzeaz gain, falta asko egin dituzte eta erasoan kaosa izan da nagusi. Azken laurdenean Askartzakoak defentsa oso agresiboa egin dute eta norgehiagoka osoan zehar joko antolatzaileari presio handia egiteaz gain, beste jokalari guztiei ere presioa egin diete azken minutuetan eta etxekoei baloia igotzea zaila egin zaie. Hala ere, pixkanaka jokoa lasaitzea lortu dute eta ikusleei sufritu arazi dieten arren, garaipena Iturripen geratu da, denboraldiko bigarrena.