Mondragon Unibertsitateak etxean jokatuko du Leioako Askartza Claret taldearen aurka

Imanol Beloki 2014ko aza. 7a, 11:57

Josu Larreategi entrenatzailea, taldekideei azalpenak ematen. | goiena

Arrasateko Ointxe elkarteko Mondragon Unibertsitatea saskibaloi taldeak Askartza Claret taldea hartuko du etxean, 18:00etan. Zapatuan izango da partidua, Arrasateko Iturripe kiroldegian, eta, etxekoen animoekin, gogor lehiatuko dira denboraldiko bigarren garaipena eskuratzeko asmoz.

Lehen jardunaldian 47-53 irabazi zuten etxetik kanpo Valladoliden aurka, denboraldiari hasiera bikaina emanda, baina ondorengo bi partiduak galdu egin zituzten: Centro de Estudios Mikeldiren aurka 99-102 lehenengo eta Natural Rioja Vintageren aurka 77-52 gero.

Hala, bihar, Leioako Askartza Claret taldearen aurka laugarren jardunaldia jokatuko dute eta lehia gogorra izango da. Izan ere, sailkapenean MUkoak bederatzigarren postuan daude eta leioarrak, berriz, bi postu beherago daude, 11. postuan. Horregatik, biek ondo egin beharko dituzte etxeko lanak, erasoan zein defentsan abantaila hartu eta lehia irabazteko. Bi taldeek garaipen bakarra lortu dute orain arte, baina aurkariak Igualatorio Cantabria Estelaren aurka aurreko jardunaldian 72-71 irabazita datozenez, kontuz ibili beharko dute Larreategiren mutilek. Hala, konfiantzaz badatoz, partiduaren norabidea etxekoek gidatu, aurre hartu eta puntuak etxean gera daitezen.

Mailari eustea

EBA maila ez da erraza, baina gogotsu ari dira MUkoak aurten defentsan zein erasoan aurrerapenak egiten. Hala, mailari eusteko helburuarekin partiduz partidu puntuak batzen joatea da euren asmoa. Nahiz eta denboraldia hasi besterik ez den egin, joko bizia eta kontraeraso azkarrak egiten ari dira, eta hori da euren jokoaren ardatza. Hala, ea partidua hasi bezain laster ahulguneak antzematen dizkieten aurkariei eta partiduaren jokoa zein den ondo erabakitzen duten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak