"Egia esan aurten ez dugu jarraitu Zestoa. Iazko taldea, talde beteranoa zen, fisikoki indartsuak. Horrelako taldeek ez dute jokatzen uzten", azaldu du Urzelaik aurkaria nolako taldea den galdetuta. Mojategira bisitan etorriko diren talde gehienen moduan, atzean sartu eta itxaron egingo duen taldea izango dela uste du Urzelaik: "Atzean sartzen dira, eta kontraerasoan irten. Partidu zailak izaten dira horiek", gaineratu du. Orain arteko partidu guztiak ere zailak izan direla azaldu du entrenatzaileak.
Urzelaik argi dauka Mondrak ondo egin behar dituela gauzak. Hasieratik indartsu eta intentsitatearekin irten behar dute, izan ere gauzak gaizki eginez gero galtzea samurra dela ikusi dute: "Aktibo eta bizi irten behar dugu hasieratik".