"Urte honetan zehar gure lan baldintzak zehazten dituen lan hitzarmena negoziatzeko saiakerak egin arren, Arrasateko Udalaren aldetik ez dugu erantzunik jaso, 2014ko martxoan Negoziazio Mahaia eratzeko lehen eskaera egin bagenuen ere", adierazi dute Udaleko Enpresa Komitetik. Horrela, udal langileen asanbladaren gehiengo zabal batek mobilizazioetara jotzea erabaki du, Udal Gobernuak duen jarrera "immobilista" ikusita eta langile orok bere lan baldintzak negoziatzeko eskubidea duela aldarrikatzeko. Mobilizazioak egingo dituzte azaroaren 10ean eta 11n, Herriko Plaza Nagusian, 12:00etan.