WC: "Arrasatetik kanpo eman ditugun kontzertuak askoz ere hobeak izan dira"

Ander Larrañaga 2014ko aza. 4a, 00:00
WC laukotea, entsegu ondoreneko une batean.

Talde gaztea da WC: Josu Basterra abeslariak, Julen Madinabeitia gitarra-joleak, Julen Altuna baxu-joleak eta Ander Urrutia bateria-joleak osatzen dute laukotea. Duela bi urte pasa eskaini zuten lehen kontzertua, eta, ordutik, ahal izan dutenean, behintzat, emanaldi batzuk egin dituzte.

Noizko entzun ahal izango dugu zuen lanen bat?

Ahalik eta azkarren zerbait grabatu gurako genuke. Oraindik ez dugu denborarik izan, baina berehala hasteko intentzioa dugu. Behin, kontzertu bateko zuzenekoa grabatu ziguten, eta, zoritxarrez, gitarrako kablea mugitu eta ez zen ongi grabatu: izugarrizko pena izan zen. Hala ere, diskoa grabatu aurretik maketa bat egitea pentsatu dugu; ez bost edo sei abestiko maketa bat, hamabost abesti inguruko maketa bat egingo genuke, beste talderen batekin partekatuta bada ere.

Edozelan ere, maketa grabatzeko, lehendabizi, abestiak sortu behar dira.

Bai, eta horretarako lanketak egon behar du. Oraingoz, zazpi abesti ditugu gureak propioak eta nahiko pozik gaude emaitzarekin. Apurka-apurka joango dira melodia berriak loratzen.

Nolakoak dira WCren abestiak?

Egia esan, gure estiloa punk-rocka izan bada ere, gure abestiak askotarikoak dira: rock abestiak ditugu, punk abestiak, beste bat heavy metalaren zertzelada nabariak dituenak... balada bat ere badugu, pentsa...

Bestalde, gaiak orotarikoak ditugu. Normalean, gure kezkak, desioak, ametsak, injustiziak... kontatzen ditugu: esaterako, genero indarkeriaren aurkako abesti bat egin dugu, Akatu senarra izenekoa.

Zein hizkuntzatan abesten duzue?

Egiten ditugun bertsioetako batzuk ingelesez izan ohi dira, Josuk ederto abesten du ingelesez. Gureak, berriz, gaztelaniazko bost abesti ditugu eta bi euskaraz. Ingelesez konposatzera ez gara ausartu oraindik; askotan, nahiago izaten dugu espresio naturalagoak erabili, helarazi nahi dugun mezuagatik.

Taldearen izena ez da izango abestiak komunean egiten dituzuelako, ezta?

Ez, baina taldea komun batean sortu zela esan genezake. Ander Urrutiak bere komunean zuen bateria muntatuta, eta, behin hori intsonorizatuta, bertan hasi genituen gure entseguak. 

[Julen M.] Ez zegoen leku handirik denontzako eta komunean eserita abestu ohi nuen nik [barrez]. Gero, Jet Set inguruan dagoen entsegu lokal bat hartu genuen eta bertan jarraitzen dugu.

Zein da zuen helburua?

Ez dugu helburu zehatzik. Guk, hasiera baten, horrela jarraitu nahi dugu. Zuzenekoetan izugarri ondo pasatzen dugu eta ongi pasatzen jarraitu nahi dugu; hori da politena. Gure helburua ez da disko mordoa atera eta famatu bilakatzea. Gustura gaude daukagunarekin.

Zein agertokitara igoko zinatekete gustura?

[Julen] Nik Viñarock moduko jaialdi batean joko nuke. Bertan oso giro ona egoten da, eta ziur nago ederto pasatuko genukeela. 

[Josu] Kulturate atzeko erreka zati horretan, behean, joko nuke gustura. Behin bertara jaitsi nintzen unibertsitaterako bideo bat grabatzera eta izugarrizko akustika ona dago.

Beste musika estiloren batekin ausartuko zinatekete?

[Julen] Metallica estiloko zerbait egitea ez litzaidake inportako: heavy metalak arreta ematen dit.

[Josu] Ni ez. Jarraitzen ari garen honetan jarraituko nuke. Asko gustatzen zait egiten ari garen ibilbidea.

Zeintzuk dira zuen erreferenteak?

Argi dago punk-rockaren bueltan gabiltzala. The Clash, Misfits eta halako taldeak jarraitzen ditugula esan daiteke. The Clash, gehienbat; izan ere, Joe Strummerren taldearen bertsio bat jotzen dugu kontzertu guztietan. Hasieran, britainiarren musikak erakartzen zuen gure arreta, baina, abestiak lantzeko orduan eta letrak aztertzerakoan, euren berbekin ere erabat ados gaudela esan genezake

Zuzenekoak dira, beraz, zuen indargunea.

Duda barik; ikaragarri disfrutatzen ditugu. Argi dugu zuzenekoetan transmititzen dena ez dela disko bat entzuterakoan transmititzen dena. Benetakoa da, tripetatik irtendako zerbait: dena ematen dugu taula gainean.

Kontzertu horietako zeinekin geratzen zarete?

Azkenaldiko kontzertuak onenak izan direla ukaezina da. Durangon eman genuen azkena eta ikaskide baten kuadrillakoak gerturatu ziren gu ikustera. Giro paregabea egon zen eta publikoak asko disfrutatu zuela ikusi genuen.

Arrasatetik kanpo eman ditugun kontzertuak askoz hobeak izan dira. Eta hemen eskainitakoetan, berriz, jendea nahiko geldi ibili da.

Anekdotak ere milaka izango dituzue, ziurrenik.

Legazpin eman genuen behin kontzertu itzela; autobusa antolatu genuen, Arrasateko jende asko etorri zelako gurekin. Gaztetxeko agertoki gainean habeak daude, eta, kontzertu erdian, habe batetik zintzilikatu zen Josu eta handik abestu zuen: jendea zur eta lur geratu zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak