Datorren eguenean, hilaren 6an, Cabezafueko y los brutales izango dira gurean: musikazale askok ezagutzen dute talde hori bere ibilbide jarraitua izan delako. Mermaid, Black Lagun, Los Separatistas, Bizardunak, edota Atom Rhumba taldeetako kide izan da besteak beste. Cabezafuego. Oraingoan labetik atera berri duen Camina Conmigo diskoarekin dator gurera.
Hileko bigarren eguenean, azaroaren 13an, Tenpora taldearen txanda izango da. Gidaria Juantxo Seberio da, Benito Lertxundirekin urte askoan ibilitakoa. Konposatzailea ere bada; esaterako, aurten Donostia2016ko eta Behobia-Donostiako kantuak berak konposatu ditu. Hala ere, ez da taldeko musikari ezagun bakarra: Ruper Ordorikarekin eta mila taldetan ikusi izan dugun Asier Oleaga, Katamalon ibilitako Itsaso Etxebeste, ibilbide luzea duen Beñat Barandiaran gitarra-jolea edota Belen Arandia abeslari tolosarra. Jazzaren ukitua nabarmena da Tenporan, blues eta folk zertzeladekin.
Azaroaren 20an, munduan Ramonesen bertsioak egiten dituen talderik ezagunena dator: Gramones talde gasteiztarra. Bi urtean behin edo birritan elkartzen dira bakarrik eta kontzertu gutxi batzuk baino ez dituzte eskaintzen. Honen harira, Andres Alvarezek Todos Somos Ramones dokumentala eskainiko da egun berean, 19:00etan, Kulturaten.
Hilabetea ixteko, hilaren 27an, Texaseko Terry Lee Hale bakarlaria dator. Sustraietako musika da berea: countrya eta bluesa batik bat. Aipatzekoa da ere, hau ere gurean izandakoa dela: duela hiru urte Arrasateko Iluntz tabernan izan zen bira berezi batean. Bada, duda barik, indarrez datoz azaroko Kooltur Ostegunak.