Suizidioaren gaia jorratuz alaituko du Amaia Vaiven antzerki taldeak

Vaiveneko Donosti, Insauste eta Pimenta oholtza gainean.

18 urteko ibilbidea du Vaiven antzerki taldeak eta esperientzia horrek edozein gairi eusteko gaitasuna eman dio. Oraingoan, ekainean estreinatu zuten HappyEnd antzezlanarekin etorriko dira gurera: domekan, hilaren 2an, Arrasateko Amaia Antzokian taularatuko dute euren lana, 19:30ean.

Hala, 75 minututan, antzezlanak suizidioaren gaia lantzen du, askotan, tabua izan daitekeen gaia izanda: HappyEnd euren buruaz beste egin nahi dutenei laguntzeko elkartea da. "Surrealista samarra dirudi eta nik uste dut hori duela helburu; surrealista izatea batetik, eta bestetik, gaur bizi dugun garai honen isla izatea" adierazi du euskarazko bertsioaren egile den Ainara Ortegak. Umore beltzarekin eta antzezlanaren irudi gogorrekin jokoa egiten da HappyEnden: tragedia bati denbora ematen bazaio, hor benetako komedia sortzen dela gaineratu du Ortegak.

Lan-talde bikaina

Borja Ortiz de Gondraren testuan dago oinarrituta antzezlana: idazlea, antzerkigilea eta estatu mailan arrakasta izaten ari da bilbotarra.

Aktoreek ere meritu handia dutela bistakoa da. Xabi Donosti, Garbiñe Insausti eta Iñake Irastorza dira euskarazko bertsioan taula gainean arituko direnak; gaztelerazkoan Ana Pimentak egiten du Irastorzaren papera. "Aktore bikainak dira, konpromiso handia hartu dute antzerkiarekiko. Ez da erraza halako gai bat jorratzea eta jorratu nahi izatea. Hirurek beraien pertsonaia oso ausart hartu dute eta nik uste dut oso ondo borobildu dituztela beraien pertsonaiak" azaldu du euskarazko bertsioaren egileak.

Harrera ezin hobea

Vaivenek erantzun onak jaso ditu ikusleen partetik; ikusten gozatzeko lana da duda barik. "Sabelean korapilo hori egin ondoren, korapilo hori irribarre batekin askatzeak oso sentsazio goxoa ematen die ikusleei" diosku Ortegak. HappyEnd izenburuaren kontzeptuak eta antzezlanaren gaiak hausnarketarako bidea egiten duela gehitu du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.