Jende pilaketak motel joatea eragin zuen lehen kilometroetan, baina poliki-poliki, bakoitza bere martxa hartzen joan zen, bere abiadura, eta orduan hasi ziren disfrutatzen txirrindulariak.
Musakolatik irten eta Bedoñara artean ibilbide berbera egin zuten guztiek, eta han motza edo luzea hautatzeko aukera izan zuten. Motza gurago izan zutenek 22 kilometro egin zituzten, 800 metroko desnibelarekin. Horien artean Naiara Corcuera izan zen: "Antzolatzaileei esan nien ibilbide motza, benetan motza egiteko, martxa popularragoa izan dadin eta neska gehiago anima daitezen. Gaur hiru edo lau bakarrik izan gara".
Ibilbide luzea aukeratutakoek, ostera, 34 kilometro egin zituzten, 1.150 metroko desnibelarekin eta tartean enduro bonus jaitsiera bat zegoen –hori ere aukeratzeko–. "Gogorra da jaitsiera, eta bizikleta ondo erabiltzen jakin behar da, baina era berean, asko disfrutatzen da", zioten antolatzaileek.
Ezustekorik eta aparteko istripurik gabe bukatu zuten martxa txirrindulariek. Eta ordu bi baino lehen asko Musakolan ziren berriro, Besaide mendizale elkartekoek eskainitako mokadutxoa jateko gertu.