Txaloak, barreak, animoak, malkoak, musuak, nerbioak... Zirrara berezia zuten soinean gaur eguerdian Lore Gazteak dantza taldeko kideek. Oraingo eta lehengo dantzariak. Izan ere, denak elkartu dra Arrasateko dantza talde horren 50. urteurrena ospatzeko. Azken egunetako entseguetan lesionatu zirenak ere han ziren, hutsik egin barik.
Herriko lau puntu ezberdinetatik atera dira, Seber Altuben elkartzeko. Handik, Iturriotz kaletik gora, elkarrekin joan dira herriko plazaraino, kalejiran. Musika eta dantza lagun zituztela, nola bestela. Eta behin plazara helduta, dantza egin dute. Ordurako, lagun, senide eta bestelako herritar asko zeuden plazan jarri dituzten hesien atzean, argazki kamerak eskuan zituztela.
Aurreskuarekin hasi
50 urte hauetan hil diren taldeko kideen omenez egin dute lehen dantza. Aurreskua. Eta belaunaldi ezberdinetako dantzariek egin dute, elkarrekin. Tartean zen Kike Gomez de Segura ere, Lore Gazteak taldearen sortzaileetako bat. Markinarra izanik, Bizkaitar erara dantzatu du aurreskua.
Haren ostean mutilek egin dituzte hiruzpalau dantza, egungo dantza taldeko neska-mutilek haien segidan eta hala, taldeka, makina bat dantza egin dituzte; makilekin, ezpatekin, arkuekin... Dantza taldea utzita dutenek ere egin dute dantza, egun kanpoan bizi direnak ere etorri dira lehengo taldekideekin batera egotera eta egunaz disfrutatzera eta denek egin dute ondo. Taldeak 50 urte egin arren, bertako kideei ez zaie oraindik ahaztu ez dantza egiten ezta oinetan zeramatzaten alpargaten sokak lotzen ere.