Manifestazioa deitu dute Fagor Etxetresnen eta Edesaren erortzeak jotako taldeek, besteak beste, Ordainduk eta Eskuratuk, Desgaitasunak plataformak eta Edesako langileek; baita 1.000 lagunetik gora elkartu ere. San Andresko lantegian hasi eta Arrasateko Biteri plazaraino etorri dira oihu eta txistu hots artean.
Salatu dute oraindik arazo "larriak" daudela: "MCCk jausten utzi zuen Fagor Etxetresnak eta horren ondorioz daude 1.500 langile lanpostu iraunkor barik; oso diru gutxirekin aurrez erretiratutakoak; eta kapitala zor digutenei ez digute itzuli gura", jakinarazi du Ordainduko kide Mikel Olabek. Eta soluzio bakarra dagoela gaineratu du: "Kooperatibetan dagoen lana banatu eta aberastasuna banatu, kapital soziala zor digutenei itzultzeko, esaterako".
Kapital sozial hori itzul diezaieten MCCrekin negoziatu gura izan dute, baina "ez dela posible izan" jakinarazi du Olabek. Azaroan kooperatibaren kongresua dago eta zera eskatu gura dute ordurako: "Parte-hartzea; negoziazioa, guztiekin negozia dezatela; eta presidentea guztion artean aukeratu ahal izatea".
Mozioak Udal guztietan
Behin manifestazioa bukatuta iragarri dute mozioak aurkeztuko dituztela Debagoieneko udaletxeetan. Eskoriatzan dagoeneko aurkeztu dute eta martitzenean egingo duten ezohiko osoko bilkurako gai zerrendan izango da.