Badago hizkuntza ohiturak aldatzea baino gauza zailagorik

Mirari Altube Arrese 2014ko urr. 24a, 20:11

Denis Josselin funanbulistak zur eta lur utzi ditu Arrasateko plazan elkartutako ikusleak. Lurretik 15 metrora jarritako sokaren gainean ibili da; orain aurrera, gero atzera, orain hankaz gora, gero begiak itxita… Udaletxetik parrokiarako ibilbidea egin du eta gero buelta. Lasaitu ederra hartu dute askok balkoira iritsi denean. Izan ere, Arrasateko euskalgintzako kideek esan duten legez: "Badago hizkuntza ohiturak aldatzea baino gauza zailagorik".

Denis Josselin funanbulistaren ekitaldi ikusgarriarekin jarri du abian Arrasateko euskalgintzak kanpaina berria. Udaletxeko balkoian jarritako pankartak jakinarazi du horren leloa: "Badago hizkuntza ohiturak aldatzea baino gauza zailagorik. Arrasaten, euskaraz".

Arrasatearren atentzioa eskuratu gura zuten euskalgintzako kideek, eta lortu dute funanbulistak 20 minutu eskasean egin duen ekitaldiarekin. Kable biluziaren gainean, lurretik 15 metrora, ez sare eta ez babesgarri, zazpi metroko barra eskuartean duela ibili da atzera eta aurrera. Ibili bakarrik ez, eseri egin da; hankaz gora jarri; buelta eman; atzerantz ibili; eskuei helduta zintzilikatu; buruz behera jarri hankak sostengu bakarrak direla; eta begiak itxita ibili azken metroetan. "Hori guztia egitea posible bada ez al dira izango gauza herritarrak hizkuntza ohiturak aldatzeko?", pentsatu dute euskalgintzako kideek eta herritarrei jakitera: "Uste izan dugu sinbolismo polita dela. Ez da hain zaila hizkuntza ohiturak aldatzea, askotan aitzakia da: "beti egin dugu gazteleraz, aldatzea zaila da…", dio Itxaro Artolak, AEDko ordezkariak.

Abiapuntua izan da ekitaldia, baina ondoren beste ekimen batzuk etorriko dira: "Asmoa da era ezberdinean, era ludikoan egitea hainbat ekintza: froga batzuk, lehiaketa batzuk… baina ez dugu gehiegi aurreratuko", gaineratu du Artolak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak