Valladolideko ezustekoaren ostean, Mikeldiren kontra lortu gura du bigarrena MUk

Mireia Bikuña 2014ko urr. 24a, 13:08

Ondo egindako lanak emaitzak ematen dituela erakutsi zuen Mondragon Unibertsitateak aurreko zapatuan Valladoliden kontra. Iaz igoera lortu zuen taldearen kontra irabazi ostean (47-53), liga bide onetik hasi duela berretsi gura dute arrasatearrek etxean. Mikeldi hartuko dute Iturripen (zapatua, 18:00).

Beldur barik baina errespetuz hartuko dituzte bilbotarrak. "Maila honetan edozein talderen kontra irabazi edo galdu dezakegu. Konfiantza barik baina errespetuz irtengo gara kantxara. Horretz hitz egin dugu jokalariekin asteon", esan du Josu Larreategik.  

Talde indartsua da Mikeldi. Bi jokalari garai ditu eta Araberritik fitxatutako beste batek sendotasuna eman die. 

Etxekoak irabazi behar 

Valladoliden kontra lortutako puntuen balioa bikoiztu dadin, ezinbestekoa da etxean irabaztea.  "Etxeko partiduak bai ala bai irabazi behar ditugu. Gure zaleen aurrean ondo jokatzen dugu, eta, etxekoak irabazita, kanpoan eman behar ditugu ezustekoak. Mikeldiren kontrakoa etxeko lehen norgehiagoka izango da, eta berezia, era berean", dio MUren entrenatzaileak. 

Zaleak ere animatu gura dituzte Iturripera joan daitezen. "Punta-puntako saskibaloia ikusi gura duenak badaki non gauden hamabostean behin", dio, barrez.

Natra-Oñati, Portugaleten 

Euskadiko Bigarren Mailan diharduen Natra-Oñatik Portugaleten jokatuko du Jarrillerasen kontra. Gorka Judezek zuzentzen duen taldeak garbi dauka helburua: partidua irabazi. Baina oñatiarrek badakite ez dela erraza izango. "Orain arteko hiru lehiak galdu dituzte, baina talde beteranoa da, eta oso lehiakorrak etxean jokatzen dutenean. Kanpoko jaurtiketak zaindu beharko ditugu", dio Gorka Judezek.

Gipuzkoako 2. maila 

Gipuzkoako bigarren mailan diharduten Soraluze BKEk eta MUk etxetik kanpo jokatuko dute aste bukaeran. Arrasatearrek lehen lekuan jarraitzeko irabazi egin beharko dute Oiarsoren kantxan. Bergararrek, aldiz, sailkapenean gora egiteko, Erroibide menderatu beharko dute.

Emakumezkoen Eskoriatzako taldeak Bera Beraren kontra jokatuko du. Donostiarrak bigarren lekuan daude eta eskoriatzarrak, berriz, seigarren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak