Andoni Ezkurra: "Sufrimenduaren ostean, futbolaz disfrutatzeko urtea da hauxe"

Mireia Bikuña 2014ko urr. 24a, 12:32

Irailan 28an hasi zuen emakumezkoen Mondra taldeak liga txapelketa. Iaz Bigarren Maila galdu ostean, aurten, Gipuzkoako Erregional mailan lehiatzen dihardute. Maila aldaketa bai, baina jokalari berberak ditu taldeak. Andoni Ezkurra entrentzaileak aurreratu dizkigu denboldirako asmoak.

Lau partidu jokatu ostean, bost puntu. Liga txapelketa ondo hastea inportantea da?

Bai, inportantea da. Oraingoz, partidu bat irabazi, bi berdindu eta bat galdu dugu. Bost puntu ditugu. Ondo hastea inportantea da, baina hasi besterik ez gara egin. Bide luzea dugu aurretik.

Iazko denboraldi gogorraren ostean, aurtengorako ze asmo duzue?

Disfrutatzea da gure helburu nagusia. Iaz asko sufritu genuen, entrenamenduetan, partiduetan... Eta iazkoaren ostean, aurten, disfrutatu, futbolean jokatu eta ondo pasatu gura dugu.

Bigarren Maila galdu ostean, berez, Euskal Ligan jokatzea tokatzen zitzaigun. Jokalariekin berba egin ostean erabaki genuen maila horri uko egin eta hutsetik hasiko ginela berriro. Alegia, Erregional mailatik.

Emakumeen taldean gizonezkoen taldean egindako berbera egin duzue orduan?

Bai. Maila galduta eta bizitako urte gogorraren ostean, proiektu berri bat hasteko ordua zela erabaki genuen. Jokalariak ados zeuden erabakiarekin. Euskal Ligan ere ez genuke mailarik emango, eta, jokalarien ikasketak aintzat hartuta, entrenamendu saio egokiak egiteko arazoak izango genituzke.

Bigarren Mailan egindako denboraldiak zertarako balio izan dizue?

Ikasteko, eta sufrituz noraino heltzeko gai garen ikusteko eta erakusteko. Jakinda Bigarren Mailan lehiatzeko talderik ez genuela, aurrera egin genuen. Partiduak bata bestearen atzetik galduta ere, gogoz entrenatzen ginen. Esperientzia hartzeko urtea izan zen. Taldea sendotzeko urtea. Eta orain, ondo pasatzea eta disfrutatzea tokatzen zaigu.

Bestalde, nire ikuspegitik, oso aberasgarria izan da eurekin lan egitea. Astero-astero, kinka larrian egonda ere, ez dute umorerik eta animorik galdu, eta hori oso inportantea da.

Erregional mailan hobeto lehiatuko zarete?

Bai. Gure multzoan badaude gu baino indartsuagoak diren taldeak. Mutriku, esaterako. Iaz igoera lortu zuten, baina eurek ere uko egin zioten igoerari. Nahiago izan dute futbolarekin disfrutatzen jarraitu. Taldeak oso antzerakoak gara, eta edozeinen kontra irabaz edo gal dezakegu.

Ni maila honetan hasi nintzen entrenatzen eta banekien hemen lehiatzeko gai izango ginela.

Bestalde, gure multzoan dauden taldeak ingurukoak dira eta bidaiak ez dira horren luzeak. Gainera, partiduak zapatuetan jokatzen ditugu, eta hori asko eskertzen dute jokalariek.

Zeintzuk dira aurtengo helburuak?

Partiduz partidu joango gara helburuak zehazten. Multzo bakoitzeko lehenengo hirurek igoera jokatuko dute eta besteek, berriz, Kopa txapelketa. Inork ez du mailarik galduko, eta horrek lasaiago egoteko balioko digu.

Emakumeen Mondra taldea oso indartsua izan da. Maila hori berreskuratzeko aukerarik badago?

Ziur nago baietz. Mondrak talde ikusgarria izan zuen, baina, belaunaldi aldaketarekin, egoera aldatu egin zen. Gertaera ziklikoak dira, baina egun taldean diharduten emakumeak, hiruzpalau urte barru, gorago lehiatuko direla ez daukat inongo zalantzarik. Belaunaldi ona da eta euren maila erakutsiko dute.

Aste bukaeran derbia jokatuko duzue Bergararen kontra. Derbiak beti dira bereziak?

Bai. Guretzako derbi bereziena Arizmendiren kontrakoa izaten da, baina Bergarara ere gogotsu joango gara. Derbien aurretik urduriago egoten dira jokalariak. Helburua irabaztea izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak