EAJren aurkako botoekin eta gainerakoen aldekoekin onartu dira 2015eko ordenantza fiskalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko urriaren 22a

Uraren Udal zergan %2ko igoera eta Ondasun Higiezinen gainekoan %1ekoa. Bi horiexek izango dira 2015eko ordenantza fiskaletan herritarrek igarriko dituzten aldaketa nagusiak. Gainontzeko Udal zerga guztiak eta tasak aurreko urteko prezio berean mantentzen dira: zabor-tasa, kirol instalazioen zerbitzua, Iturbide egoitza, bide publikoaren erabilera pribatiboaren edo aprobetxamendu bereziaren gaineko tasa eta jardueren baimenen tasa, besteak beste. EAJk kontra bozkatu du (4) eta gainerako alderdiek –Bildu, PSE-EE eta Aralar– alde (16). 

Udal Gobernuaren arabera, Uraren kontsortzioak %4 igo dio uraren zerga Udalari eta Udalak herritarrei %2ko igotzea erabaki du. Bestalde, Ondasun Higiezin gaineko zergan Udalak iazko diru bilketa berbera egiteko %1 igo behar izan du zerga. Udal Gobernuko bozeramaile Maider Morrasen arabera, igoera horrek "azalpen tekniko" bat dauka: "Balio katastralaren jaitsiera dela-eta, %1 igo behar du Udalak iazko diru kopuru berbera lortzeko". Gainerakoan, asmo orokorra zergak izoztea da, Morrasen arabera. Bilduk, PSE-EEk eta Aralarrek alde bozkatu dute eta EAJk kontra. 

EAJ: "Guk igoera zero izatea planteatzen dugu"

EAJko zinegotzi Maria Ubarretxenak GOIENAri esan dio, besteak beste, jeltzaleek "igoera zero" izatea planteatzen dutela: "Ez da berria, aurreko hiru urteetan ere hori planteatu dugu. Iaz igoera orokorra %2koa eta zaborrarena %4koa. Baina gure galdera da: azken hiru urtetan Arrasateko zenbat etxetan igo dira soldatak portzentaje horietan? Deflazio baten aurrean bagaude kontraesana iruditzen zaigu Udalak ordenantza fiskaletan igoera bat aplikatzea".