Lege tramite kontuek atzeratuko dute Fagor Etxetresnen aktiboen erosketa baina espero dute urriko azken astean itxi ahal izatea. Gainerakoan, osterantzean, ekoizpen, kontratazio eta merkaturatze asmoek bere horretan jarraitzen dute Fagor CNA Group-etik ohar bidez jakinarazi berri dutenez. Hala, atzerapen juridiko-administratibo horiek gora-behera, Fagor Etxetresnak ekoizpenari berrekiteko gertu dago.
Gaur gaurkoz, 70 langile kontratatu dituzte eta agintzen dute gehiago izango direla, CNA Group-ek Fagor Etxetresnak zena erosteko izapide guztiak behin amaitu eta gero, "dagoeneko hautatuta" dauzkaten beharginekin. Horrekin, uztailean zehaztutako plangintza betetzen jarraituko dute. Nazioarteko sei filialak jardunean daude (AEB, Maroko, Dubai, Txina, Malaysia eta Txekia), dagokion sail komertzialarekin batera eta Estaturako saila ere martxan da.
Marketing eta publizitate atalari dagokionez, Fagor CNA Group-etik diote "oso aurreratuta" daukatela Fagor markaren irteera-kanpaina berria, "goi-mailako" sustapen eta publizitate kontratazioak barne.