Abestiak sortzeko asmoarekin idatzi ditu Joseba Sarrionandiak Gosariak lanean, Goseren musikarekin bat agertuko diren hitzak. 2012ko diskoan Sarrionandiaren hitzak sartu nahi izan zuten baina honen erantzuna izan orduko, diskoa argitaratuta zegoen. Sarrionandiaren erantzuna jasotzerakoan ezusteko handia hartu zuten Arrasateko musikariek, hark, disko oso bat egitea proposatu zielako. Pertsonalki elkar ez ezagutu arren eta harremanerako zailtasun handiak izan arren, idazle eta musikarien elkarlanak fruitua eman du.
Sarrionandiaren testuek, Goseren musikak eta Juan Luis Goikolea eta Iñigo Arregiren ilustrazio eta diseinuek osatzen dute lan berria. Artista plastiko hauekin izandako harremana errazagoa izan da, biak arrasatearrak direlako. Artista hauek ukigarri egin dituzte testu eta kantuak, margo eta diseinuen bitartez. Sarrionandiaren hitzak biribildu dituzte, letra horietatik irudiak sortuz.
Zentzumen asko lantzen dituen lan berri hau erosteko aukera Durangoko azokan izango da.