Saskibaloia: MUkoek Valladolid garaituz estreinatu dute EBA liga

Maialen Torres 2014ko urr. 19a, 20:43

Atzo bide onetik ekin zion Mondragon Unibertsitateko taldeak EBA mailari. Izan ere, lan asko eginda, baina garaitu egin zuten iazko liga irabazle den Valladolid (47-53). Joko azkarrez topatu zituzten aurkarien defentsako zirrikituak arrasatearrek.

MUko entrenatzaile Josu Larreategik aitortu duenez, aurrez bazekiten aurkariak fisikoki "gehiago" izango zirela, eta "errespetuz" irten ziren jokalariak kantxara. Horrela, defentsan ondo ibili arren, erasoan arazoak izan zituzten lehen laurdenean jaurtiketak egin eta kanastak sartzeko, baina denborak aurrera egin ahala, konfiantza berreskuratu zuten MUkoek. Laurdena bukatzeko bi minuturen faltan markagailuak 21 eta 13 markatzen bazuen ere, 21 eta 23 iritsi ziren atsedenaldira, kontraerasoei eta hiruko bati esker.

"Orduan ohartu ginen irabazteko gai ginela, gauzak ondo eginez gero", dio Larreategik eta partiduan zehar egindako defentsa lana azpimarratu nahi izan du. Abantailarekin iritsi ziren arrasatearrak partiduaren amaierara, eta entrenatzailearen ustez, azken minutuak ondo kudeatzen jakin zuten MUkoek, ez baitzuten utzi urduritasunak eta Valladolideko taldearen presioak lortutako tartea gutxitu zezaten.

Jokalariak talde modura aritu izanagatik "pozik" agertu da Larreategi, eta gaineratu du jokorako zituzten helburuak bete zituztela. Izan ere, EBA mailako jokalariak, "altuagoak eta indartsuagoak" izanik, "zailago egiten dute kanastarako zirrikituak bilatzea", eta arrasatearrek lortu zuten, baloia azkar mugituz.

Urte askoren ostean, beraz, itzuli dira MUkoak Espainiako saskibaloi amateurraren ligara. Taldekide gehienek maila horretan esperientziarik ez izan arren, Larreategik prest ikusten ditu jokalariak eta uste du urtean zehar "txukun" arituko direla.

Zaleen babesa

30etik gora zale joan ziren, MUkoek antolatutako autobusean Valladolidera. Larreategik esan du "asko eskertu" zutela jasotako babesa, Valladolideko kantxan "etxean bezala" sentitu baitziren arrasatearrak. Izan ere, etxekoek eurek baino zale gehiago erakarri zituzten, eta entrenatzaileak aitortu du, hori "oso zaila" dela eta zaleek "meritu asko" dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak