Txalaparta elkarteak irabazi du Arrasateko moxal-gisatu lehiaketa

Monika Belastegi Aranzabal 2014ko urr. 18a, 16:06

Bederatzi elkartek hartu dute parte lehiaketan eta prestatu dutenarekin 400 bat mokatu banatu dira Seber Altube plazako azokan. Irabazleak pozik azaldu dira.

Txalaparta elkarteko Juan Luis Arkauzek eta Jesus Mari Alonsok irabazi dute goizean egin den, elkarteen arteko moxal-okelaren gisatu lehiaketa. Arkauzen esanetan, "aurretik halakorik prestatzeke" zeuden, eta ez zuten "saria irabazterik espero", baina epaimahaiak halaxe erabakita, eurek eroan zuten plaka oroigarria eta gainerako zortzi parte-hartzaileek bezala –Danobat, Ziorla, Udalpe, Santamaina, Alkartu, Meatz Erreka, Santa Marina eta SUDC–, Jakioneko produktu sorta. Sariak Inazio Azkarragaurizar alkateak eta Josu Pereda Ingurumen zinegotziak banatu zituzten. Lehiaketak, gainera, Seber Altubeko baserritarren azokarekin bat egin zuen eta Debagoieneko XVIII. Jardunaldi Gastronomikoen egitarauaren baitako ekitaldia ere bazen.

Saria banatu ondoren, AEK-ko irakasleak lehiaketako moxal-gisatua 1,5 euroren truke banatzeaz arduratu ziren. 400 bat mokadu banatu zituzten eta irabaziak euskaltegiarentzat izan ziren.

Salerostetarako erraztasunak

Arrasaten moxal-okelaren hazkundea sustatu eta herritarren artean okela horren kontsumoa indartzeko lanean ari da Udala. Ahalegin horretan zenbait ekintza egin dituzte dagoeneko, baina gehiago ere egingo dituzte. Pello Garai Udaleko Ingurumen teknikariaren esanetan, herritarrak hasi dira galdetzen non eros daitekeen moxal-okela eta datorren astean batzarra egingo dute "ekoizleek eta harategietako, hiltegiko eta Udaleko ordezkariek salerosketa errazteko bideak topatzeko".   

Bestalde, Mankomunitateko ordezkariek aurreratutakoaren arabera, azaroko asteburu baten –zehaztuko dute– jardunaldi gastronomikoetan parte hartzen duten jatetxeek moxal-okela duen menua eskainiko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak