Bederatzi elkarte gastronomikok ziurtatu dute parte hartuko dutela; Aretxabaletako Mendibitzu baserriko moxal ekologikoa prestatuko dute, gisatu eran: "Eskertzekoa da SUDC elkartekoen papera, beti daude prest laguntzeko. Beste herri batzuetan ez da erraza izaten halakoak antolatzea", dio Udaleko teknikari Marga Garmendiak.
Moxala, gisatu eran prestatuta
Elkarte bakoitzak 11:30erako eramango du moxal okela gisatu eran prestatuta. 12:00etatik 13:00etara epaimahaiko kideek –baserritarrek eta sukaldean adituak direnek osatzen dute epaimahaia– gisatu bakoitza dastatuko dute eta 13:00etan egingo da sari banaketa. Inazio Azkarragaurizar alkateak banatuko ditu sariak; irabazleari plaka oroigarri bat emango diote eta gainerako parte-hartzaile guztiek Jakionen bertako produktuez osatutako saski bat eramango dute elkartera.
Ondoren herritarrek dastatu ahalko dute okela; Udalak 500 platertxo prestatuko direla kalkulatu du eta platertxo bakoitza euro eta erdian salduko da: "Prezio soziala dela esango nuke", dio ingurumen teknikari Garaik. AEK-ko langileak arituko dira platertxoak banatzen eta etekinak eurendako izango dira.
Hitzaldia eta dastatzea atzo
Atzo Moxal okela osasun eta dieta ikuspegitik izeneko hitzaldia egin zuten Kulturateko klaustroan. Batetik, Nafarroako Unibertsitateko doktore den eta bere tesia moxal okelaren inguruan egin duen Vicky Sarries Martinezek okela horren gaineko propietate mesedegarrien gainean egin zuen berba, ikuspegi zientifiko batetik. Bestetik, Amaia Diaz de Monasterioguren dietista oñatiarrak moxal okela dieta osasuntsu baten sartzeko hainbat argibide eman zituen.
Hitzaldiaren ostean, moxal okelarekin egindako pintxoak dastatzeko aukera egon zen, Lanbide Heziketako sukaldaritza ikasleen eskutik.
15 postu biharko azokan
Moxal okela izango da biharko baserritarren azokako protagonista nagusia, baina baserritarrek ez dute hutsik egingo hileko hirugarren zapatuan duten zitara. Ohi moduan, Seber Altube plazan egingo da, 09:00etatik 14:00etara.
Biharko azokan 15 postu egongo dira, Arrasatetik, bailaratik zein kanpotik etorrita. Eta postu horietan udazkenekoak "bete-betean" diren produktuak izango dira salgai: onddoak, babak, sagarrak, intxaurrak, gaztainak... Udako zein neguko produktuak ere erosteko aukera egongo da, luzea da zerrenda. Gainera, ohiko zozketak ez du hutsik egingo: azokan erosten dutenen artean saski bat zozketatuko dute. Amaitzeko, Udalak jakitera eman ditu irailaren 20ko azokan moxal okela loteak irabazi zituzten herritarrak: Ander Zubizarreta eta Kontxi Axpe dira sarituak. Bihar banatuko dizkiete lote horiek, 12:00ak aldera. On egin!