Arrasate Pilota Taldea harrobia lantzen ari da, haur eta gaztetxoekin lanean. Ibai Bolinaga pilotari arrasatearra dabil, beste pilotari edo pilotari ohi batzuekin batera, lan hori egiten.
Pilotariak edo pilotari ohiak begirale lanetan
Umeekin lan egiteko jende oso aproposa dabil, Bolinagaren arabera: "Taldeko begirale guztiak pilotariak edo pilotari izandakoak dira eta badakite hasiberriei pixkana pilotan jokatzen nola erakutsi. Gainera, entrenamenduetan giro oso ona egoten da eta pilotan ikasteaz gain, umeek oso ondo pasatzen dute". Martitzen eta eguenetan entrenatzen dute, 16:40etik 18:30era: "Astero bi entrenamendu egiten dituzte eta egubakoitzetan eurendako lagunarteko partiduak antolatzen ditugu. Hala ere, laster lagunarteko partiduak alde batera utzi eta santamasetako txapelketarekin hasiko gara. Umeendako klubetik bi txapelketa antolatzen ditugu urtean, santamasetakoa eta sanjuanetakoa, eta partidu guztiak egubakoitzetan jokatzen dira".
Oraindik, baina, badago parte hartzeko aukera: "Pilotan interesa duten ume guztiei kirol hau probatzera animatzen diegu. Frontoira etorri eta entrenamenduetan parte hartu dezakete inongo konpromiso barik. Probatu ostean, erabaki dezakete elkartean sartu ala ez". Izena emateko Uarkapera hurbildu eta begiraleekin harremanetan jarri behar da.