Moxal okelaren onuren berri emateko hitzaldia, dastatzea eta lehiaketa asteon

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko urr. 13a, 10:38

Moxala irailaren 20ko baserritarren azokan, Seber Altube plazan

Arrasaten eta inguruetan moxal hazkundea sustatu, eta arrasatearren artean moxal okelaren kontsumoa indartzeko kanpainaren barruan, Arrasateko Udalak ekimen berriak antolatu ditu. Lehen ekintza eguenean izango da, hilak 16, Kulturateko klaustroan (18:00): Moxal okela osasun eta dieta ikuspegitik hitzaldia antolatu dute. Hitzaldiaren ostean okela dastatzeko aukera egongo da Kulturaten bertan. Hilaren 18an, berriz, moxal okelaren sukaldaritza lehiaketa egingo dute elkarte gastronomikoen artean, baserritarren azokaren barruan. 

Bi hizlari izango ditu saio horrek: batetik, Nafarroako Unibertsitateko doktore den eta bere tesia moxal okelaren inguruan egin duen Vicky Sarries Martinez ariko da berbetan, eta bestetik, Amaia Diaz de Monasterioguren dietista oñatiarrak hartuko dute parte. Udalak jakinarazi duenez, hitzaldia amaitu ostean, moxal okelaz egindako pintxoak dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, klaustroan bertan. Lanbide Heziketako sukaldaritza ikasleen prestatuko dituzte pintxo horiek. 

Moxal okela egunerokoan

Egueneko saioan, Vicky Sarries doktoreak moxal okela kalitate handikoa eta oso osasuntsua dela babestuko du: "Batez ere oso egokia da haur, pertsona nagusi, kirolari eta anemia duten pertsonendako", dio Sarriesek. Bestalde, Amaia Diaz de Monasterioguren dietista ezaguna da eta moxal haragia eguneroko elikaduran nola txertatu jakiteko hainbat gomendio emango ditu. 

Lehiaketa zapatuan, baserritarren azokaren barruan 

Bestalde, urriaren 18rako lehiaketa antolatu dute elkarte gastronomikoen artean. Hileko hirugarren zapatuan egiten den baserritarren azokaren barruan izango da, eta oraingoz hamar elkartek ziurtatu dute parte hartuko dutela. Moxal ekologikoa izango da, Aretxabaletako Mendibitzu baserrikoa.

Elkarte bakoitzak 11:30erako eramango du moxal okela, gisatu eran prestatuta. 12:00etatik 13:00etara epaimahaiko kideek gisatu bakoitza dastatuko dute eta 13:00etan egingo da sari banaketa. Inazio Azkarragaurizar alkatea eta ingurumen zinegotzi Josu Pereda egongo dira sari banaketa ekitaldian; irabazleari plaka oroigarri bat emango diote eta gainerako parte-hartzaile guztiek Jakionen prestatutako saski bat eramango dute: "Saskiko produktu guztiak bertakoak izango dira, gure filosofiari eutsiz", adierazi du ingurumen teknikari Pello Garaik. 

Mokal okelez egindako 500 bat platertxo

Herritarrek 13:15etik aurrera dastatu ahalko dute okela; Udalak 500 platertxo prestatuko direla kalkulatu du; platertxo bakoitza euro eta erdian salduko da eta etekinak AEKrendako izango dira. Izan ere, AEK-ko langileak eurak izango dira platertxoak banatuko dituztenak, euro eta erdiren truke. Azkenik, Udalak jakitera eman du irailaren 20ko azokan moxak okela loteak irabazi zituztenak: Ander Zubizarreta eta Kontxi Axpe dira sarituak. On egin! 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak