Astean zehar, entrenamenduetan, Urzelaik "indartsu eta inplikatuta" ikusi du taldea, lortutako emaitzekin itsutu ordez, etorriko direnei begira. Arrasaten jokatuko dute partidua, 16:30ean, eta Mondrako mutilak dagoeneko "gogoz" daude norgehiagokarako.
Aurkariaz galdetuta, indarrak parekatuta izango direla aurreikusten du Urzelaik, eta partidua zaila izango dela aitortu du. Dena den, entrenatzaileak berak zein jokalariek segurtasuna dute euren jokoan, eta domekan "emaitza positiboa lortzeko asmoz" irtengo dira aldageletatik. Ez dakite hiru puntuak poltsikoratuko dituzten edo ez, baina argi dute egin beharreko bidea eta jokoa zeintzuk diren.
Epe luzera begira
Erregionaleko ohorezko mailara igotzeko helburuarekin hasi zuen denboraldia Mondrak, eta Urzelaik argi esan du taldean sinesten duela, baina nabarmendu nahi izan du liga oso parekatua izango dela, eta jardunaldietan aurrerago egin arte ez dela argi ikusiko zein talde ibiliko diren igoerarako lehian. Edonola ere, Mondrak bere jokoarekin segituko du, eta, alor horretan erregulartasuna lortuta, emaitza onak bermatzeko asmoa du Urzelaik.
Ikusteko dago, beraz, aurtengoa nola amaitzen den. Oraingoz, domekako partiduan eta talde legazpiarrari irabaztean jarri beharko dute arreta Mondrako mutilek, sailkapenean gora egiteko bidea pausoz pauso eraiki beharrekoa baita.