Kanadako Sam Roberts Band eta Oñatiko Malenkonia taldeak, gaur, 20:00etan, Amaia Antzokian

Miren Arregi Amasorrain 2014ko urr. 10a, 12:07

Gaztemaniak! programaren barruan egingo dute kontzertua Amaia Antzokiko hall-ean. Sam Roberts Band,  Kanadako panorama alternatiboko erreferentzia interesgarrienetako bat eta Oñatiko Malenkonia ikusteko aukera izango da, gaur, 20:00etan.

Udazkeneko eskaintzari hasiera emango zaio gaurko kontzertuarekin, eta abenduaren 31ra arte, ikuskizun eta emanaldi askotarikoak izango dira herritarren eskura.  Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gaztemaniak! egitarauaren barruan dago gaurkoa, eta Arrasateko udalaren laguntzarekin antolatu da.  

Kanadatik, rock alternatiboa

Sam Roberts Band taldea Kanadako panorama alternatiboko erreferentzia interesgarrienetako bat da. Hala frogatzen dute euren herrialdeko hedabideek eta industria diskografikoak emandako sariek; euren diskoek izandako salmentek eta euren kontzertuen arrakastak. Horrela dio Karmelo Alberdi Arrasateko kultura teknikariak taldeaz galdetuta: "Ez da ohiko taldea. Seikotea da, musikari bikainak, sintetizadorea erabiltzen dute... Abestiek berez ere indar handia dute". Kanadarrek, lagun izango dute Amaia Antzokiko hall-ean, Oñatiko Malenkonia taldea. Izan ere, Gaztemaniak! proposamenaren helburua izaten da bertako taldeei ere kontzertuak emateko aukera eskura ipintzea.  

Aurretik, Malenkonia

Malenkonia talde oñatiarrak izango du, beraz, kontzertuari hasiera emateko ardura. Homo homini lupus bigarren diskoarekin etorriko dira gaur Arrasatera. Giro goxoa sortuko da gaur bertaratzen diren ikusleen artean, izan ere, Amaia Antzokiko Hall-ak horretarako bidea ematen du. "Akustika aldetik ondo dago, arazo handiena da erdian dagoen zutabea. Dena den, uste dut rock kontzertuetarako aproposa dela.  Giro polita sortuko da", dio Karmelo Alberdi teknikariak. Sarrerak salgai daude zazpi eurotan, kutxasarrerak.net webgunean edota, leihatilan bertan.

Arrasate Irratiak Malenkonia taldeko Iñigo Ugarte gitarra joleari egindako elkarrizketa duzue jarraian, entzungai.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak