Musakolako II. Gazte Eguna egingo dute bihar

Irati Goitia 2014ko urr. 10a, 09:19

Egun osoko egitaraua prestatu dute auzoko jai batzordekoek. Bazkari herrikoia egingo dute, besteak beste. 15 urtetik beherakoentzako jaia da.

"Gurasoen aldetik etorri zen eskaera. Auzoan hainbat gauza antolatzen ditugu: BTT martxa, bertso afaria, erretiratuentzako ekintzak... Gehienak helduentzako dira. Hala, hainbat guraso etorri zitzaizkigun umeentzako zerbait egin beharko litzatekeela esanez, eta horrela egin genuen iaz lehendabizikoz Musakolako Gazte Eguna", azaldu du Iban Goñi jai batzordeko kideak.

Bada, iazkoak izan zuen arrakasta ikusita, aurten bigarrengoz egitea erabaki dute batzordekoek. Horrela, egun osoko egitaraua prestatu dute biharko [ikus egitaraua eskuineko taulan]. "Gure helburua gazteek ondo pasatzea da eta nahi horrekin prestatu ditugu ekintzak", esan du jai batzordeko kideak. Gaineratu du Musakolako gaztetxoak gustura ibili zirela iazko ekitaldietan eta aurten eguna noiz iritsiko den zain dagoenik ere badela gaineratu.

Prestatu duten egitarautik bazkaria nabarmendu nahi zain du Goñik: "Guraso gabeko bazkaria izaten da eta primerako giroa izaten dute umeek. Uste dugu 100-110 gaztetxo elkartuko direla". Horren aurretik, jolasak izango dituzte. Tartean, taldekako sukaldari lehia. Taldeka eta hainbat osagai sorpresa lortuta, sukaldari gazteek beraien irudimena eta sukaldari gaitasunak erabili beharko dituzte. "Edozein jatetxe italiarrek bere kartan nahiko lukeen pizza egin eta auzoko epaimahai herrikoiari aurkeztu beharko diote parte-hartzaileek", azaldu du Goñik.

Harremanak sendotu

Goñik zehaztu du auzoko gazteek ezagutzen dutela elkar, baina jai honek euren harremanak sakontzeko aukera ematen diela gaineratu. "Egun polita izango dela uste dut. Horrenbestez, auzoko gazte eta ume denak animatu nahi ditugu parte hartzera, ondo pasako dute-eta".

Egitaraua:

11:00etatik aurrera: Jolasak izango dira (puzgarriak, aurpegi margotzea eta Musatxef).

13:30-14:00: Bazkari herrikoia auzoko gazte eta koadrilentzako. Doakoa da eta 10:00etatik 11:00etara bitarte eman behar da izena bertan  (13 urtetik beherakoentzako).

Arratsaldean: 1 irabazteko! jolasa, Karaokea, pin-pong eta mahai-futbol txapelketak

18:00-19:00: Ekitaldi sorpresa

Musakolako herri eskolan, gazte txokoaren parkean egingo dira ekitaldi guztiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak