Garage rocka lantzen duen Ziburuko hirukotea zeresan handia ematen dabil Euskal Herriko rockzaleen artean, eta nola ez Arrasateko Kooltur Ostegunean ere aztarna uztera etorriko dira. Mikel Toyosek, Nicolas Caumontek eta Charlie Hollocouk orain dela hiru urte sortu zuten taldea eta dagoeneko agertoki asko zapaldu dituzte eta New Christs, Bellrays eta beste talde askorekin oholtza partekatu ahal izan dute.
Power-popetik eta Bostoneko eskolatik edan duen talde honek, Bloody Maryren eskutik diskoa aterako du epe laburrean, eta ostegunean kantu berri hauek entzuteko aukera izango du bertara gerturatzen denak.