Zinemaldiko azkeneko egunean Belodromoan erakutsi zuten, pantaila erraldoian eta 2.500 lagunen aurrean. "Film luze baten aurretik, lauzpabost alditan erakutsi zuten Soroa, baina benetan inpresionatu ninduena Belodromokoa izan zen iaz toki berean beste lan bat erakutsi nuen arren. Belodromoko beteranoa nintzen aurten" dio Bergarakoak. Aitor Arregi ere gustura da Donostiako erakustaldiekin, nahiz eta aitortzen duen Loreak filmaren tsunamiak ia gainditu duela: "Zortzi emanaldi izan dira guztira, lehenengo egunean erakutsi zuten lehenekoz baina, ginda, duda barik, Belodromokoa izan zen. Balorazio ezin-hobea egiten dut; izan ere, sentsazioa dut kontatu nahi nuena ikusleek ondo ulertu dutela".
Kimuak katalogoan daude biak
Bataren zein bestearen ibilbidea hasi besterik ez da egin, Eusko Jaurlaritzak eta Etxepare Institutuak kudeatzen duten Kimuak programaren aurtengo katalogoan daude-eta, bi film laburrak. "Soroa Bilboko Zinebi jaialdian izango dela esan didate eta beste hainbatetan izateko aukerak ere badituela. Oso gustuko dut Kimuak-ek egiten duen banaketa lana". Iritzi berekoa da Arregi ere: "Ibilbide luzea dute eta oso onak dira euren lana egiten. Aurrez film labur gehiago egin izan ditudan arren, estreinakoz nago Kimuak-en".
Jaialdietan gainera, herriz-herriko erakustaldi eta solasaldietan parte hartzeko gogoz daudela diote: "Urriaren 8an, Bergarako San Joxepe erretiratu elkartekoen hamabostaldiaren barruan, Migel Altuna Institutuan (19:00). Aberasgarria da ikusleekin zure lanak aztertzea" gaineratu du Altunak.
Altuna, luze bat filmatzen
Altunak eta Arregik ez dute, bada, lan makala orain, egindako lanak saltzen; baina proiektu berrietan ere murgilduta daude. "Bi aste barru, film luze baten bost astetako errodajea hasiko dugu" gaineratu du Asier Altunak.