Mozarten 'Don Giovanni', Amaia antzokian izango da

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko urr. 4a, 08:00

Nazioartean gehien interpretatu izan duten opera da Ozenki elkarteak, Arrasateko Udalaren laguntzarekin hilaren 30ean (19:30) Amaia antzokira ekarriko duen Don Giovanni. Wolfgang Amadeus Mozart (Salzburgo, 1756 -Viena, 1791) konposatzailearena da musika eta Lorenzo da Ponte poetarena (Treviso, 1749- New York, 1838), berriz, libretoa.

Obra barregarria da; komediaren eta tragikoaren arteko nahasketaren ikurtzat dute adituek. Bi aktotan banatuta dago eta ia hiru ordutako iraupena du eta amodiozko tramak ditu oinarrian. Don Juan mito ezagunaren azkeneko egunak; hori kontatzen du istorioak.

Don Juan pertsonaia, oinarri

XVII. mendeko Sevillan dago kokatuta. Don Giovanni, haren morroia den Leporelloren laguntzarekin, komendadore edo agintariaren alaba den Donna Anna limurtzen saiatuko da, haren senargaia (Don Ottavio) dela esanaz. Alabaren ohorea defendatu guran, komendadoreak amorantearekin burrukan egingo du eta ondorioz, bizitza galduko du. Don Ottavio nobleak emaztegaiaren aita mendekatuko duela zin egingo du orduan, eta ihes egin duen hiltzailearen bila hasiko da. "Maitasun istorioez baliatuz moraltasun altuko garaiko gizartearen eta Don Giovanni moduko pertsonaien arteko talka ederto islatzen du", diote Ozenkikoek.

Punta-puntako abeslariak

Atzeko lanetan jarduten dutenez gainera, 80 lagunetik gora daude taularen gainean. Amaia antzokiko aurreko operetan moduan, oraingoan ere, askotariko herrialdetako musikariak batzen dituen Bulgariako Pleven Orkestra Sinfonikoa izango da. Abeslariak berriz, italiarrak dira. Ibilbide eta maila handikoak dira guztiak; askotariko ikasketa eta sariak dituztenak.

Sarrerak agortuaz doaz

Astebetean saldu dituzte txartel guztien hiru laurdenak. Gelditzen diren sarrerak honako tokietan daude 30 eurotan eskuragarri: Amaia antzokiko leihatilan eta on-line bestela: arrasate-mondragon.org eta ticket.kutxabank.es helbidetan.

Era berean, badago sarrerak lortzeko beste bide bat ere, hau da, ozenkielkartea@hotmail.es helbidera eskaria eginda.

Hurrengoetan pentsatzen

Urtean bina opera ekartzeko asmoarekin jarraitzen dute Ozenkikoek, eta, lotuta ez badute ere, honako aukerak aztertzen ari dira: Verdiren Un ballo in maschera (maskaren dantza) edo Pucciniren Tosca.

Datorren domekarako, berriz,  Mozarten doinuak (tartean, Don Giovanni obrakoak) kantatuko dituzten emanaldia antolatu dute Ozenkikoek; San Juan Bataiatzailea parrokian, 19:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak