Sorkun Rubio gidari duen taldeak sasoi onean itzuli dela erakutsi du udan zehar egindako makina bat kontzertutan, han eta hemen. Atsedena hartu baino lehenago bihar, eguena, laukoteak gaztexean joko du Kooltur Ostegunen ikasturte berriko lehen kontzertuan. Arrakalak diskoarekin itzuli dira oreretarrak agertokietara – behin Gorka Lazkano baxu-jotzailea itzuli dela – baina betiko zaleei ez diete hutsik egingo eta abesti berri zein zaharrekin gozaraziko dituzte, jakina.
Esan moduan, Kashbadekin hasi besterik ez dira egingo Kooltur Ostegunak eta, ohi bezala, apurka-apurka, hilez hile, aurreratuko dute egitaraua. Oraingoz, gertu dute antolatzaileek urrikoa. Hala, datorren astean The Lookers garage-rock hirukoa etorriko da Arrasateko gaztetxera. Ziburuarrak dira eta nerbio handiko zuzeneko indartsua aginduta datozkigu bisitan.
Hilaren 16an gaztetxeko aspaldiko ezagun bat etorriko da, oraingoan, bere bandarekin. Neubat ala Sorkunen taldekide gisa behin baino gehiagotan zapaldutako agertokira igoko da Libe Gartzia de Kortazar eguen bi barru. Teklatuetan eta etxeko marka duen ahots bereizgarri zein bereziarekin eta, azkenean, bakarkakoari ekiteko erabakiari helduta, Ihesaldi handia diskoa aurkeztera etorriko da musikari gasteiztarra.
Azkenik, Autoramas (hilak 23) eta Shake! taldeek osatuko dute urriko egitaraua.