Udazken oparoa, Arrasateko Bibliotekan

Ubane Madera 2014ko ira. 30a, 08:43
Rafa Rueda.

0-3 urte bitarteko umeendako hiru saio, literatura solasaldiak euskaraz zein gaztelaniaz eta Bibliotekaren Eguna. Lau eskaintzok uztartuta, udazken betea iragarri du Arrasateko Udal Bibliotekak datozen asteotarako.

Azalerako ipuinak izenburuarekin, hitz bako komunikazioa (masajea) eta ipuinek, poemek, eta bestelako liburuek eskaintzen duten komunikazioa uztartuko dute Santa Marinako liburutegian 0-3 urte bitarteko umeei eta haien hezitzaileei zuzenduta. Urriaren 14an, 21ean eta 28an (martitzenak) 11:00etan egingo dituzte saiook, Saroa Bikandik gidatuta. Euskaraz eta doakoak dira.

Edozelan ere, komeni da izena ematea eta horretarako epea bihar, eguaztena, zabalduko dute, urriaren 10era bitartean.

Rafa Rueda…

Bestalde, urriaren 24an ospatuko duten Bibliotekaren egunaren bueltan, ipuin kontaketak, musika eta ikuskizunak eskainiko dituzte, Kulturaten gehienak. Hain justu, Lur Kortak egingo du lehen ekimena: ipuin kontaketa, urriaren 15ean Kulturaten eta astebete geroago Santa Marina liburutegian. Bi kasuetan 18:00etan da hitzordua, eta euskaraz izango da kontakizuna.

Musika errezitaldiari dagokionez, berriz, Rafa Rueda eta Oier Guillan arduratuko dira zeregin horrekin, Bibliotekaren Eguna izango den urriaren 24an. Munduaren neurria izenburua jarri diote 19:30ean egingo duten errezitaldi berezi horri.

Eta Bibliotekaren Eguneko ekimenekin bukatzeko, Pai konpainiaren OH!NDAS: un espectáculo físico para los mas iluminados ikuskizuna taularatuko dute urriaren 30ean bi saiotan: 11:15ean eta 14:30ean, biak ala biak Kulturaten eta gaztelaniaz. Bi ikerlari eta denbora makina bat izango ditu, besteak beste, protagonista ikuskizun horrek. Aldez aurretik izena ematea komeni da.

Literatura solasaldiak: Sarrionandia

Udazkeneko egitaraua borobiltzeko, irakurzaleen artean horrenbesteko arrakasta duten literatura solasaldiek ere izango dute bere aparteko tartea Udal Bibliotekaren eskaintzan.

Euskarazkoei dagokienez, hiru saio iragarri dituzte; eta horietako batean Sarrionandia izango da aztergaietako bat.

Edozelan ere, hurrenez hurren, honako hauek dira egingo dituzten solasaldiak:

  • Urriak 22, asteazkena, Sofi Oksanen, Garbiketa.
  • Azaroak 19, asteazkena, Joseba Sarrionandiaren Hnuy illa nyha majah yahoo (poemak, 1985-1995).
  • Abenduak 10, asteazkena, ipuin-antologia katalana, Hobe kontatzen ez badidazu.

Europako literatura

Gaztelaniaz, berriz, Europako literaturaz jardungo dute, hiru saiotan, Albert Camus, Bohumil Hrabal eta Agota Kristof idazleak berbagai hartuta, urriaren 29an, azaroaren 26an eta abenduaren 17an, hurrenez hurren.

Zozketa

Eta hori gutxi ez, eta Udal Bibliotekak zozketa berezia iragarri du urrian egingo duena: urrian liburuak maileguan eramaten dituzten helduen artean: liburu elektroniko bat.

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak