Heltzear dira sanmigelak Garagartza auzora. Eta jaiekin batera buzkantza usaina dator. Izan ere jaien bereizgarri den buzkantz-jana izango da egubakoitzean eta zapatuan, auzo-etxean 19:00etatik aurrera. Aspaldiko ohitura dira buzkantzak Garagartzako jaietan, eta garai berrietara egokitu behar izan diren arren, jende asko erakartzen dute oraindik ere.
Bittor Etxagibel auzo alkate ohiak uste du Garagartzako jaietarako egiten diren buzkantza guztiak daude onak: "Esaera batek dio sanmigeletarako egiten diren buzkantza guztiak onak direla, San Migelek bedeinkatzen dituelako".
Bada, aurten azken urteetako kopuru bera izango dute Patxixenean: "Hor jarraitzen dugu, urteetako ohiturari eusten. Lan handia egin beharra dago eta auzotar ugariren laguntzari esker aurrera ateratzen dugu. Kilo kopurua iazkoaren antzerakoa izango da, 300 kilo inguru. Guk auzoan gure toke berezia emango diogu", adierazi du Pedro Mari Jauregi egungo auzo alkateak. 1980tik egiten duten moduan, Otamendi eta Agirre-Etxe harategiek prestaketa berezia egingo dute Garagartzako festetarako.
Ibilgailurik ez jai gunean
Egitarauari dagokionez, badira zenbait nobedade aurten. Hasteko, azken urteetan galdutako rock kontzertua berreskuratuko dute; Arrasateko eta Aretxabaletako Screammers & Sinners eta Arrasateko The Potes izango dira gonbidatuak. Gainera, bigarren txosna Patxixeneko etxe ostean jarriko dute.
Bestalde, aurten ez dute ibilgailurik nahi festa gunean: "Denok lasaiago eta arrisku barik ibiltzeko izango da. Denon onerako izango delakoak barkatu eragozpenak", diote jai batzordetik. Hala, egubakoitz arratsaldetik domeka arratsaldera arte ezingo da autoan plazara sartu; 108 aparkaleku egongo dira –horietatik lau elbarrituendako izango dira– jai gunetik oso gertu.
Amaitzeko, jai batzordeak eskerrak eman ditu: "Batzordearen izenean aldez aurretik eskerrik asko babesleei eta jaietan lan mordoa egiten duten guztiei".
Egitaraua:
irailak 26
19:00 Jaien hasiera: ikurrinen igoera eta suziri jaurtiketa.
19:30 Trikitilarien kalejira.
22:30 Rock kontzertua: Screammers & Sinners eta The Potes.
03:00 Berakatz-zopa.
irailak 27
11:30 Umeendako jolasak.
12:00 Meza auzoko hildakoen alde.
17:30 Gorriti eta haren animaliak, umeendako.
19:30 Dantzaldia Gau Alai taldearen eskutik.
irailak 28
10:00 Kobateko X. futbol partiduak.
11:00 Meza San Migelen oroimenez.
12:30 Euskal dantzak Txikitxu taldearen eskutik.
14:30 Auzo bazkaria.
irailak 29
19:00 Meza San Migelen oroimenez. Ondoren, luntxa egingo dute.
Oharra: egubakoitzean eta zapatuan buzkantzak egongo dira auzo-etxean, 19:00etan hasita.