Gaur jarriko dituzte salgai 'Don Giovanni' opera ikusteko sarrerak

Maialen Torres 2014ko ira. 21a, 09:43

Ozenki elkarteak antolatuta, urriaren 30ean Mozarten Don Giovanni opera eskainiko dute, Amaia antzokian, 20:00etan. Hura ikustera joateko asmoa dutenek, gaur bertan hasita, sarrerak erosteko aukera izango dute, 30 euroren truke.

Eserlekua ziurtatuta izateko, Kutxabanken webgunean edota kutxazainetan, Udalaren webgunean, Amaia antzokiko leihatilan edo Ozenki elkartearen helbide elektronikora (ozenkielkartea@hotmail.es) idatzita eskuratu ahal izango dira sarrerak. Guztira 770 lagunek gozatu ahal izango dute Mozarten opera ezagunenaz, ia hiru ordu iraungo dituen emanaldian.

Ópera 2001 konpainiak taularatuko du Mozarten obra, bertako zein nazioarteko artisten kolaborazioarekin. Besteak beste, Bulgariako Pleven-go Orkestra Sinfonikoa arduratuko da istorioari musika jartzeaz, Martin Mázik zuzendariaren gidaritzapean. Oholtza gaineko zuzendaritza, berriz, Riccardo Canessaren esku izango da.

Maitasuna eta mendekua

Mozarten operak XVII. mendeko Espainiara eramango du ikuslea, Sevillara, hain zuzen ere. Bertan, Don Giovanni gazte harro eta gonazalearen bizitza kontatzen du operak. Haren zerbitzari Leoppoldok lagunduta, herriko emakumeak limurtuko ditu Giovanni gazteak, zerrenda luze bat osatu arte.

Dena den, maitasun kontuek mendeku gosea ere piztuko dute han eta hemen, eta jauntxo gaztearen azpijokoek zigorraren itzala ekarriko dute eszenara.

Musika Mozartena den arren, italierazko libretoa Lorenzo da Ponterena da eta hark Don Juanen mitoan oinarritu zuen kontakizuna. Horrez gain, maitasun eta mendeku istorioen atzean, karga sozial handia ezkutatzen du da Pontek. Besteak beste, klaseen arteko bereizketa eta injustizia soziala biltzen ditu obrak bere xehetasunetan. Esaterako, Leopoldo zerbitzariak ematen dio hasiera obrari. Da Ponteren hautu hori nahiko iraultzailea izan zen garairako, ohikoena pertsonaia nagusiekin hastea baitzen.

Aktoreen zerrenda

Giulio Boschetti baritono erromatarrak emango dio bizia Don Giovanni pertsonaia nagusiari. Haren morroi lanak, berriz, Alberto Bianchi baxuak egingo ditu. Jauntxo gaztearen maitaleak, berriz, bi sopranok antzeztuko dituzte. Linda Campanella Donna Anna izango da, istorioan Don Giovannik limurtzen duen lehen emakumea. Donna Elvira, berriz,  Heloise Koempgen Brannyk antzeztuko du eta koroak egiteaz Ópera 2001 konpainia arduratuko da, emanaldi osoan zehar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak