Oraindik ere sarrerak salgai dauden arren, salmenta nahiko ondo joan dela aitortu du Juan Antonio Barriocanalek, Goikobaluko lehendakariak. Eguaztenean egon ziren Donostiako Orfeoiko arduradunak Amaia antzokian emanaldirako egitura antolatu eta beharrezko guztia gertu zegoela ziurtatzeko.
Hasieran Goikobalukoek kantu bat orfeoiarekin abesteko asmoa zuten arren, azkenean atzera egin dute; izan ere, Donostiako Orfeoia 80 bat abeslarirekin igoko da Amaiako oholtzara eta "jende nahikotxo" dela erabaki zuten. Gainera, protagonismoa orfeoiarena dela gaineratu du Barriocanalek.
Donostiako Orfeoia sasoi betean etorriko da bihar, udan Europan zehar hainbat emanaldi eskaini ostean; besteak beste, Montpellierren eta Rotterdamen. Amaia antzokiko emanaldia Sainz Alfarok zuzenduko du eta piano-jole lanetan Amaia Zipitria egongo da. Errepertorioan, habanerak, zarzuelak eta euskal kantuak tartekatuko dituzte.
'Carmina Burana' martxan
Bestalde, Carmina Burana obraren entseguak martxan daude dagoeneko. Mimo bereziz prestatuko dute estreinaldia eta hainbat sorpresa egongo dira; tartean, Barriocanalek esan zuen desagerturiko Tolosako Abesbatzako partaideak ere animatu direla. Horrez gain, etxeko abeslari ohi askok Carmina Burana-n parte hartzeko entseguetan buru-belarri dabiltza eta oraindik ere animatu ez direnei berriz ere egin diete deialdia; martitzenetan 20:30etik 22:30era eta eguenetan 20:00etatik 22:00etara Saiolaneko eraikinean duten lokalean.