Arrasateko gazte txokoek eta ludotekek asteon ekingo diote ikasturteari

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko ira. 15a, 10:50
Ezkerrean, gazte txokoetako hezitzaile taldea; eskuinean, iazko ikasturte hasiera Okendoko ludotekan.

Txatxilipurdik kudeatzen dituen ludoteketan eta gazte txokoetan dena dago gertu ikasturte berriari ekiteko. Okendo, Usaetxe eta Santamaina ludotekak gaur bertan, hilak 15, jarriko dira martxan. Bestalde, 12 eta 17 urte arteko gazteendako Erguin, Musakola eta San Andres auzoko gazte txokoak bihar irekiko dituzte. 

Okendo, Usaetxe eta Santamaina ludotekak gaur bertan jarriko dira martxan; lehen bi asteetan –gaur hasi eta irailaren 30era arte– ate irekiak izango dituzte eta beraz, ludoteken eskaintza probatzeko aukera egongo da doan. Ate irekiak 17:00etatik 20:00etara izango dira. Urriaren 1etik aurrera, berriz, matrikula ordaindu beharko da. 

Txatxilipurdiko arduradunek aurreratu dute ate irekiek irauten duten bi asteetan ekintza bereziak egingo dituztela ikasturtea hasi dela iragartzeko. Izena eman gura duten 3 eta 12 urte arteko umeek matrikulazio-orria hiru ludoteketako baten eta Gazte bulegoan entregatu beharko dute. Ikasturte osorako kuota da 30 eurokoa.

Erdiguneko Gaztegunea hilaren 19an irekiko dute

Bestalde, 12 eta 17 urte arteko gazteendako gazte txokoak bihar irekiko dituzte. Hala, Erguin, Musakola eta San Andresko gazte txokoak 17:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik. Aste bukaeretarako Erdiguneko Gaztegunea, berriz, egubakoitzean irekiko dute, 18:00etatik 21:00etara. Zapatu eta domeketan, berriz, 17:00etatik 21:00etara irekiko dute. 

Txatxilipurdiko hezitzaileak "gogotsu" dago ikasturteari ekiteko; ez dira aspertuko: "Esperientzia eta abentura berri asko bizitzeko, arratsaldeak kolorez margotzeko, berriketaldi interesgarriak izateko...", diote. 

Ez dago izena eman beharrik, gazte txokoetara hurbiltzearekin nahikoa izango da: "Musika, sukaldaritza, txapelketak, sorkuntza, eskulanak, askotariko tailerrak, ospakizunak, ezusteko bisitak… Herria eta auzoak piztu nahi ditugu!", adierazi dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak