Egun osorako egitaraua prestatu dute antolatzaileek: hasteko, Seber Altube plazatik abiatuta, kalejira egingo dute (12:00); gero Goikobalura igoko dira Herriko plazatik (13:30), eta erromeria 14:00etan hasiko da. Txalapartariez, bertsolariez eta dantzez gozatzeko aukera egongo da orduan, eta sagardoa, taloak, edariak eta kafea saltzeko postua ere jarriko dute bertan. Bazkaria –15:00etan hasiko da– norberak eraman beharko du; zeuk eruen, zeuk jan modura antolatu dute.
Bazkalostean kantuan egingo dute eta bertsolariak ere egongo dira. Gainera, ekitaldia egingo da 16:15ean: dantzak, albokariak, trikitia eta kantu herritarrak izango dituzte. Azkenik, berbena egongo da Goikobalun bertan –iaz Herriko plazan egin zen–, 18:00etan hasita. Festa 19:30ak aldera amaituko da.
Tradizio handiko erromeria
Antolatzaileen arabera, 1950. urtera arte Igokundearen egunean erromeria egiten zen bertan: "Herriko plazatik desplazatutako erromeria ospatzen zen. Herriko musika bandak eta txistulariek jotzen zuten bertan; garai horretan, egiten zuten ekaitzen ondorioz, erromeria bertan behera uzten zen, partzialki edo osotasunean".
Diotenez, egun hori "euren jaitzat" zuten hainbat arrasatearrek: "Tradizioaren arabera, Gazteluondokoendako esanahi berezia zuen egun horrek, Igokunde egunaren afarian oilarra jatea tradizioa zelako". Hala ere, Goikobaluko erromeria hura desagertu egin zen, beste batzuen antzera: San Josepekoa, Santamasekoa, Gesalibarkoa...
Bestalde, antolatzaileek jakitera eman dutenez, 1931ko sanjuanetan "sekulako arrakasta" izan zuen berbena bat antolatu zen Goikobalun: "Herria hutsik geratu zen eta tabernariek protesta egin zuten. Harrezkero, jaietan, ez zen berbenarik programatu Goikobalun".