Musikarekin ere, presoen, iheslarien eta errefuxiatuen eskubideen alde

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko ira. 14a, 18:56

Askotariko estilo eta jatorriko taldeak entzuteko aukera izan zen zapatuan Arrasaten egindako Elkartasun egunean. Musika areto erraldoia bihurtu zen herria, taberna barruan batzuetan eta terrazatan, beste batzuetan, guztira hogei kontzertu izan ziren, eguerdian eta arratsaldean. Gauean, berriz, gaztetxeraino heldu ziren elkartasun doinuak.

Aukeraketa bat egitea ezinbestekoa zen ordu berean ziren-eta hainbat kontzertu; gustuko taldea entzutea erabaki zuten zale batzuk; baziren baina, batetik bestera zenbiltzanak ere.

Batetik bestera zenbiltzan musika alorreko arduradunak ere bai; batean mikrofonoa falta zela eta hurrengoan musika ekipoa behar zela. "Aurretik dena lotuta dagoen arren, bidean sortzen diren azken orduko arazoak momentuan konpondu behar dira. Ez da samurra izan baina lortu dugu. Eskertzekoa da, Elkartasun egunean parte hartu duten musikariek egin duten ahalegina; batzuk profesionalak dira, beste batzuk ordea, talde gazteagoak edo berriagoak, baina kontzertu guztietara jendea hurbiltzea lortu dugu" dio Oier Beitiak, Magu musikariak.

Askotariko belaunaldiak, bat

Gaueko musika eskaintza ere apartekoa izan zen; askotariko belaunaldi eta estiloko Arrasateko musikarien eskutik etorriko zena. Gaztetxoenei, RPL taldekoei egokitu zitzaien gaueko musika eskaintza hastea. Los Galerna taldekoek hartu zuten lekukoa. Ohikoa duten uniformea soinean eta taularen gainean duten jarrera eta musika maila itzelarekin, dantzan jarri zuten poliki-poliki jendez betetzen zihoan gaztetxea.

Egunerako sortutako Elkartasun Taupadak taldea izan zen hirugarrena. Gaztetxea lepo bete zen orduan, RIP taldeko Jul eta Txerra, Des-kontroleko Magu eta Pepin eta Dirty Brotherseko Salarekin gozatzeko irrikan. RIPen hamar kantu jo zituzten erritmo azkarrean, saltoka eta kantuan ziren askotariko adineko zaleen aurrean. Espero moduan, Mondra kantuarekin eztanda egin zuten.

Une hunkigarri asko izan baziren ere, The Potes igo zenean jo zuen goia, eguneko soinu banda izan zen Norantza bakarra kantuarekin hasi zuten-eta errepertorioa. Arrasateko preso ohi ezagunak gonbidatu zituzten kantatzera. Egun luzea izan zen arren, The Potesekoek lortu zuten bertaratutakoen azken energia-kartutxoak dantzan agortzea. Sekulako musika-festa!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak