Elkartasunezko giro goxoa eta herrikoia Arrasaten

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko ira. 13a, 16:26

Euskal preso, iheslari eta errefuxiatuen eskubiden aldeko jaia martxa onean doa; eguraldia lagun, askotariko adineko herritarrek zein kanpotik etorritakoek egin dute bat Arrasateko Elkartasun Egunarekin. Haurrentzako jolasak, pintxoak, kontzertuak eta bazkaria dira, orain artean egindakoak.

17:00etan hasiko da erdiguneko beste hainbat tabernatan izango diren kontzertuen bigarren multzoa eta, horiek bukatuta, 18:00etan, ekingo diote hirugaren multzoari. Musika emanaldien lekukoa manifestazioak hartuko du (20:00) herriko plazan hasita; eta gauean, berriz, gaztetxea izango da Elkaratsun eguneko gune nagusi.

Biteri plazan haurrentzako jolasak, bazkaria eta taberna

Guneka banatutako egun osoko egitarauari Biteri plazan ekin diote goizeko 11:00etan. Gustura asko jolastu dute haur eta gazteek han zeuden askotariko tailerretan. Taberna eta sukaldea ere Biteri plazan daude. Txistorra pintxoak eta bazkarirako paella eta saiheskiak prestatu dituzte bertan.

Eguerdian ere musika emanaldiak 

Askotariko musika estilo eta jatorriko taldeen emanaldiak izango dira egun osoan Arrasaten; horietako lau izan dira eguerdian. Algorta eta Galdakaotik etorritako Gibelurdinek, folk doinuekin jantzi dute herriko plaza. Gernikako Zantarrak taldeak, berriz, Monte tabernaren kanpoan egin du saioa. Arrasateko Mery May eta haren bateria-joleak Taupa tabernaren terrazan zeudenen belarriak goxatu dituzte; eta Arbolapetan, berriz, Bergarako eta Arrasateko musikariek osatutako Behi Bi Blues hirukoteak, kontzertu animatua egin dute Arbolapetan.

Entzuleen artean baziren, kontzertu bakarra, lasai-lasai jarrita entzun dituztenak; baina baziren beste batzuk ere, tabernaz-taberna, doinuak aldatzen joan direnak ere. Eta modu berean zebiltzan antolatzaieak ere: batzuk, egokitutako gunean lanean; beste batzuk, berriz, gunez-gune zebiltzan laguntzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak