John Anduezak bere lehen nobela beltza kaleratuko du udazkenean

Maialen Torres 2014ko ira. 13a, 11:46

Aurreko lanetako gaietatik urrunduz, detektibe istorio batekin datorkigu oraingoan John Andueza. Elgetan bizi den arrasatearrak bere laugarren eleberria idatzi du: Prime time. Anduezaren lehen nobela beltzak erritmo bizia izango du, autoreak telebistarako lanean emandako urteen erakusle. Haren hitzetan, istorioak "irakurlea adi mantenduko du bukaeraraino", eta, hain zuzen, azken orrira arte itxaron beharko da misterioa argitzeko.

Prime time idaztea "prozesu luzea eta gogorra" izan dela aitortu du Anduezak, baina, era berean, emaitzarekin oso gustura agertu da. "Prime time-k erakusten du nire benetako izaera. Liburu honekin iritsi da nire momentua", dio idazleak. Izan ere, nobela beltza beti izan da berezia Anduezarentzat, genero gustukoena baitu eta idazle bezala "jolasteko aukera" ematen baitio.

Dagoeneko prest dauka, baina udazkenean aurkeztuko du Prime time, azaroaren 5ean, hain zuzen ere. Genero berri batera salto egiteak, ordea, merkatu berri batean sartzea ere badakar, eta, zentzu horretan, itxaropentsu agertu da Andueza: "Merkatu zabala eta lehiakorra da nobela beltzarena, baina nire lekua topatzea espero dut".

Gazteentzat idaztea gogoko

Orain arte, ordea, gazteentzako liburuak idatziz lortu du arrakasta Anduezak. San Ferminetan Lesakan izan da argitaratu duen azken eleberria, Larunbatean Bukowskin liburuarekin hasitako bideari jarraituz. Genero hori "erosoagoa eta dibertigarriagoa" iruditzen zaio Anduezari, eta argi dauka ez duela alde batera utziko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak