Goi mailako kontzertuak Kulturate Akustikoa ixteko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko ira. 12a, 09:30
Joana Serrat.

Udaleko Kultura Sailak antolatutako Kulturate Akustikoak ekimenaren seigarren edizioa aste bukaera honetan amaituko da. The Fakeband gaur, Joana Serrat bihar eta Arcana Has Soul etzi, goi mailako proposamenak izango dira guztiak. Kulturateko areto nagusian izango dira kontzertu guztiak 20:00etan hasita, doan. 

Musika eskaintzan sumatzen zuten hutsune bat betetzeko sortu zen musika zikloa: "Dagoen eskaintza osatzea eta Kulturateko areto nagusiari bestelako erabilera bat ematea ditu helburu gaur egun ekimenak", dio kultura teknikari Karmelo Alberdik. Honakoak dira kontzertuen ezaugarri aipagarrienak: formatu txikiko emanaldiak, 150 bat ikuslerendako edukierarekin eta eserita entzutekoak, eta akustikoak gehienetan nahiz eta proposamen batzuk elektrikoagoak diren. Kontzertu guztiak 20:00etan hasten dira. 

Getxoko The Fakeband gaur 

Gaur Getxoko The Fakeband taldea izango da gonbidatua: "Smile taldearen lehengusuak dira; Smilek duela bi urte jo zuen Kulturaten eta txapela kentzeko moduko kontzertua eskaini zuten. Ikusle bat baino gehiago etorri zitzaidan kontzertu ederra izan zela esatera", gogoratzen du Alberdik. Bihotza ukitzera heltzen den musika da, bizia eta zirraragarria, eta eragin klasiko garbia –folk-rocka, Amerikako 1970. hamarkadako mendebaldeko kostaldeko popa eta country-rocka– duena. 

Serraten ahots gozoa bihar

Biharko proposamena da Joana Serrat kataluniarraren musika amerikarra. Popa, folka eta rocka ditu oinarri: "Ibilbide luzea darama baina orain gutxira arte ez du arrakasta handirik izan. Hala ere, azken urtean izena hartu du, askoz gehiago mugitu da eta Primavera Sound jaialdira gonbidatu dute. Geroago eta gehiago entzuten zaio eta oraindik ere ibilbide oparoa izango duela espero da". 

Zenbait urtez bakarlari moduan ibili arren, musika taldearekin dator Kulturatera eta haren ahots gozoari esker bihotza ukitzera heltzen diren abestiak interpretatuko ditu: "Elkartasun Eguna da zapatuan eta beste urte batzuetan ez dugu kontzerturik antolatu izan egun horretan. Baina zapatuan Joana Serrat ekartzeko egun bakarra zenez, aurrera egitea erabaki genuen", argitu du kultura teknikariak. Biran dator, Galiziatik. 

Arcana Has Soul etzi

Domekako gonbidatua izango da Saguntoko (Valentzia) Arcana Has Soul. Kultura Saila iaz ekartzen saiatu zen, baina ez zuten lortu. Askotariko doinuak eskainiko dituzte: soul, blues, pop, folk, jazz eta swing doinuekin etorriko dira. Hala ere, instrumentazio aldetik ukitu berezia dute; ukelelearekin, mandolinarekin, biolinarekin eta biolontxeloarekin datoz, besteak beste: "Abeslariak oso ahots indartsua dauka eta euren zuzenekoek ospe handia dute". Sei edo zazpi lagun igoko dira Kulturateko agertokira.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak