Asier Blas: "Ukrainan milioi bat errefuxiatu egon arren, hedabide gehienek ez dute hori aipatzen"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko ira. 10a, 00:00

Asier Blas EHUko irakaslea eta politologoa.

Asier Blas EHUko irakasleak saioa eskainiko du gaur, irailak 10, Arrasateko Irati tabernan (19:00). Ukrainak bizi duen egoera zailaz egingo du berba, "ahal den neurrian" iritzi politikoak alboratuz.

Zein izango da hitzaldiaren helburua? Zertaz egingo duzu berba?

Saioak bi helburu ditu: batetik, ahal den neurrian iritzi politikoak alboratuz Ukrainan orain arte gertatutakoa azaltzea, hedabide gehienek baztertu edota manipulatu dituzten gertaerak mahai gaineratuz; eta bestetik, ukrainar krisia testuinguratuz, erakutsiko dugu krisia erraz aurresan zitekeela nazioarteko politika eta herrialdearen barneko estatu-nazio eraikuntza arazoak ulertuz. 

Gertaerak "baztertu edo manipulatu" direla diozu. Zergatik?

Mendebaldeak Batman izango balitz bezala saltzen du bere burua. Gero hor dabiltza Joker, Pinguinoa, Asmakizuna... Horiek guztiak tirano batzuk dira, etsaiak, gaizkia. Ume paradigma horretan gustura asko mugitzen dira hedabide gehienak, Mendebaldeko potentzien ikuskera erosi edo inposatu zaiena, baina batzuetan paradigma hori saltzea oso zaila da zure aliatuak, kasu honetan Kieveko gobernu kolpistak, demokraziaren aurka egiten badu, ideologia politikoak jarraitzen baditu, erabakitze eskubidearen aurka bonbak, erailketak eta gerra erabiltzen badu, zibilak erailtzen baditu, miloi bat errefuxiatu eragiten baditu... Errealitate hori azaldu behar bada, Batman Joker edo Pinguinoa bilakatu daiteke eta hori ez dute inolaz ere nahi Mendebaldeko hedabideek. 

Bestalde, Errusiako Estatuak bere ekonomia berrantolatzeko gaitasuna erakutsi ostean, mendebaldeko estatuek eta horien zerbitzura dauden hedabideek errusiar usaina duen oro estigmatizatu dute, etsaiaren izaera humanoa ia ukatu arte.

Baduzu gatazkak utzi dituen daturen bat ematerik?

Zenbaketak egitea zaila da, baina NBEren arabera milioi bat errefuxiatu inguru daude, inoiz Europan II. Mundu Gerraren ostean emandako errefuxiatu uholde handiena da. Hala ere, hedabide gehienek apenas dute denbora eta espaziorik errealitate hori aipatzeko. Zergatik? Errefuxiatu ia guztiak Ukraina ekialdekoak direlako, gehienak Kieveko gobernuaren eta horien zerbitzura daude eskuin muturreko talde paramilitarren bonbardaketetatik eta erasoetatik ihes egiten duten herritarrak direlako, eta Kieveko gobernu kolpista Mendebaldeko estatuen aliatua da. Hildakoak milaka kontatzen dira, baita zibilak ere, eta gehienak, noski, ekialdeko ukrainarrak.

Zerbait gaineratzerik nahi?  

Moral bikoitz eskandalagarri batekin kritikatzen dela gogorki Errusiak egin –eta egin ez dituen– ekintzak. Aldiz, berdinak edo antzekoak Mendebaldeak egiten dituenean txalotu, ezkutatu edo era askoz ere epelagoan kritikatzen dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak