Klase arruntak datorren astelehenean hasiko badira ere, ordutegien antolaketan lanean ari dira Arrasate Musikalekoak. Dagoeneko entzun daitezke lehen musika notak, kurtso berriari indartsu ekin baitiote bandakoek. Bihar, 13:00an izango dute lehen kontzertua, Leintz-Gatzagako jaien aitzakian. Edorta Aiastui Arrasate Musikaleko irakasleak azaldu duenez, uda aurretik jaso zuten gatzagarren gonbidapena festetarako, eta gustura onartu zuten. "Erronka zaila zen, ikasturte hasiera izanik bi entsegutarako denbora bakarrik izango dugulako, baina bestetik, musikariak gogotsu itzuliko dira oporretatik" azaldu du Aiastuik.
Big Band gaztea
Hurrengo kontzertua Big Band taldeak eskainiko du Altsasun, irailaren 14an. Gainera, aurtengo ikasturtean, berrikuntza gisa, Big Band gaztea taldea ere sortu dute. Bertan trebatuko dira musikari gazteak, eta hemendik aurrera, Big Band taldearen harrobi izango da.
Matrikula epea, zabalik
Ikasturtea hasiko bada ere, matrikula epeak zabalik jarraituko du irailean zehar. Besteak beste, bost eta sei urteko haurrentzako tailer musikalean parte hartu nahi dutenak garaiz dabiltza oraindik.