Txakurrak aske ibiltzeko hiru gune egokituko ditu Arrasateko Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko ira. 4a, 11:10
Deba Ibaia kalean egokitutako txakurrendako jolasgunea.

Arrasate barruan txakurrak aske ibiltzeko hiru gune egokituko ditu Udalak –arriskutsuak direnak beti joan behar dira lotuta eta muturrekoaz–: Deba Ibaia kalean (Mankomunitateko bulegoen atzealdean), Zalduspe aldean (ospitale berriaren atzealdean) eta Gorostitzako landetako behealdean. Era berean, txakur-jabeei zuzendutako informazio kanpaina bat abiatu dute, jabeek euren erantzukizunak zeintzuk diren gogora dezaten.

Udalak animaliendako gune berriak prestatu eta hiri inguruan haien baldintzak hobetu gura ditu. Hala, proba pilotu moduan hiru gune irekiko dituzte, txakurrak aske ibiltzeko (arriskutsuak diren txakurrak beti joan behar dira lotuta eta muturrekoaz): Deba Ibaia kalean –Mankomunitatearen atzealdean, argazkian–, Zalduspe kalean –ospitale berriaren atzealdean– eta Gorostizako beheko landetan. Hiru guneak mugatutako berdeguneak izango dira, txakurrek jolas egiteko nahikoa lekurekin.

Informazio kanpaina jabeendako

Txakurren, txakur jabeen eta gainerako herritarren arteko elkarbizitza bultzatu gura du Udalak, eta horretarako informazio kanpaina bat abiatu du txakur jabeei ze betebehar dituzten gogorarazteko. Jabe guztiei etxera bidali zaie gutun bat, euren erantzukizunak zeintzuk diren azalduz eta indarrean ze araudi dagoen gogoraraziz.

Erantzukizunak "ganoraz" bete

Iraila eta urrian zehar, gainera, udaltzainek bereziki zainduko dute txakur jabeek oinarrizko arauak betetzen dituzten ala ez: "Udalak nahiko luke txakur jabeek euren erantzukizunak ganoraz betetzea, indarrean dagoen zigor araudi zorrotza aplikatu behar izan barik". Araudi horren adibideetako bat: kakak jasotzen ez dituztenek 30 eta 300 euro arteko isuna ordaindu beharko lukete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak