Kanpoko eta barruko igerilekuak zabalik egongo dira datorren astean, lehen aldiz eta "froga gisa"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko ira. 3a, 15:32

Aurtengo udan jende gutxi ibili da kanpoko igerilekuetan eguraldi eskasa egin duelako; argazkia abuztuaren 25ekoa da.

Arrasateko Musakolako kiroldegian, lehen aldiz eta "froga gisa", formula berri bat erabiltzea erabaki du Udaleko Kirol Sailak. Goizez barruko igerilekuak zabalduko dituzte eta arratsaldez, berriz, kanpokoak: "Formula honek gainkarga ekonomiko bat suposatuko dio kiroldegiari, baina astebetera mugatzen denez, aurre egiteak merezi duela baloratu da", adierazi dute. Hala, udako kanpaina irailaren 14an amaituko da eta horrekin batera, kanpoko igerilekuak datorren urtera arte itxiko dira.

Udalak jakitera eman du barruko eta kanpoko igerilekuak zabalik egongo direla aurtengo udako kanpainaren azken astean: "Ahalik eta herritar gehienen gogoak asebetetzeko, eta udako denboraldi amaierarako tartean nahiko eguraldi ona aurreikusten denez, aurten lehen aldiz eta froga gisa, formula berri bat erabiltzea erabaki da: goizez barruko igerilekuak zabaldu eta arratsaldez kanpokoak".

"Gainkarga ekonomikoa"

Kirol Sailaren arabera formula horrek "gainkarga ekonomiko" bat suposatuko dio kiroldegiari: "Baina astebetera mugatzen denez, aurre egiteak merezi duela baloratu da. Izan ere, horrela, igerilekuko goizeko erabiltzaileek eguneroko martxari ekin ahal izango diote eta, aldiz, haur eta gaztetxoek, besteak beste, oraindik ere jai dituzten arratsaldeez gozatu ahalko dute. Ezin da ahaztu aurtengo udak ez digula, tamalez, kanpoko igerilekuez gozatzeko aukera handirik eman", adierazi dute prentsa ohar bidez. Udalaren arabera, aurten egingo da froga eta aurrerago baloratuko dira formula aplikatzearen ondorioak.

Irailaren 8tik 12ra arteko ordutegi berezia honakoa izango da: barruko igerilekuak 07:00etatik 14:00etara eta kanpoko igerilekuak 14:00etatik 20:30era. Irailaren 13an eta 14an, berriz, barruko igerilekuak bakarrik egongo dira zabalik, 10:00etatik 20:30era.

Udako denboraldia, irailaren 14ra arte

Udako denboraldia irailaren 14an amaituko da. Irailaren 15etik aurrera, barruko igerilekuak zabalduko dira egun osoz: astelehenetik egubakoitzera 07:00etatik 22:00etara, eta zapatu zein domeketan 09:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak