Txuma Murugarren, barikua, 20:00
Aspaldiko ezaguna da Sasoi ilunak-en kide ohia. Euskal pop taldeak ia anekdotara muga zitezkeen garaietan haren ahots lakar eta abesti zuzenek 90eko musikan lekutxoa egin zuten. Bakarka dihardu aspalditik eta bere azkenekoa 2013an argitaratu zuen. Arrasateko saioan Rafa Areces piano-jotzailea izango du lagun kultur-etxeko areto handiko oholtzan.
Thaïs Morell, zapatua, 20:00
Musikalki, asteburuko proposamenik exotikoena ekarriko du Morell brasildarrak. Jaioterriko bossa-nova epel eta goxoa, jazz eta folk carioca ukituez jantzen du kantagileak. Ahots eztia eta instrumentu ugari jotzeko maisutasuna ditu ezaugarri eta Arrasatera laukotearekin etorriko da (perkusioak, kontrabaxua, flauta eta pianoa).
Dotore, domeka, 20:00
Disko berria kaleratu bezperatan joko du Arrasaten jatorriz donostiarra baina Bartzelonan zaildu den Pablo Martinez, Dotorek. Hirugarren lana da Variaciones eta jakin-mina jada handia da. Batetik, Los veranos y los días bikainaren ostean lan argitsu, lasai eta eder horren mailari eutsiko dion ala ez ikusteko eta, bestetik, eskainitako aurrerapenek doinu aldaketa biziki interesgarria dakarrela erakusten dutelako (bideoan, Balinesa, aurrerapenetako bat). Domekan izango da hori bertatik bertara frogatzeko aukera.