Dotorek 'Variaciones' berria aurkeztuko du Kulturateko saio akustikoetan domekan

Jon Berezibar 2014ko ira. 3a, 08:58

Barikuan, Txuma Murugarrenekin, hasiko da Kulturate Akustikoen aurtengo sorta berria. Bariku, zapatu eta domekan izango dira kontzertuak eta hain zuzen, hilaren 7an Dotore donostiarrak Variaciones lan berria aurkeztuko du, diskoa kaleratu bezperatan. Gitarra akustikoak organoari eta detaile elektronikoei utzi die lekua lan berrian; soinu berriarekin etorriko da Pablo Martinez.

Txuma Murugarren, barikua, 20:00

Aspaldiko ezaguna da Sasoi ilunak-en kide ohia. Euskal pop taldeak ia anekdotara muga zitezkeen garaietan haren ahots lakar eta abesti zuzenek 90eko musikan lekutxoa egin zuten. Bakarka dihardu aspalditik eta bere azkenekoa 2013an argitaratu zuen. Arrasateko saioan Rafa Areces piano-jotzailea izango du lagun kultur-etxeko areto handiko oholtzan.

 

Thaïs Morell, zapatua, 20:00

Musikalki, asteburuko proposamenik exotikoena ekarriko du Morell brasildarrak. Jaioterriko bossa-nova epel eta goxoa, jazz eta folk carioca ukituez jantzen du kantagileak. Ahots eztia eta instrumentu ugari jotzeko maisutasuna ditu ezaugarri eta Arrasatera laukotearekin etorriko da (perkusioak, kontrabaxua, flauta eta pianoa).

 

Dotore, domeka, 20:00

Disko berria kaleratu bezperatan joko du Arrasaten jatorriz donostiarra baina Bartzelonan zaildu den Pablo Martinez, Dotorek. Hirugarren lana da Variaciones eta jakin-mina jada handia da. Batetik, Los veranos y los días bikainaren ostean lan argitsu, lasai eta eder horren mailari eutsiko dion ala ez ikusteko eta, bestetik, eskainitako aurrerapenek doinu aldaketa biziki interesgarria dakarrela erakusten dutelako (bideoan, Balinesa, aurrerapenetako bat). Domekan izango da hori bertatik bertara frogatzeko aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak