Lehen aldia izango da Udalatxeko gailurrera igoko direna txalapartarekin. Ttakun taldeak bizi duen loraldiaren ondorioa da ekimen berezia, taldeko Gorka Zubizarretak azaldu duenez: "Iaz sortu zen ideia, entsegu baten. Aurtengo Txalaparta Egunak izan duen arrakasta ikusita erabaki dugu ikasturte berria ekimen berri batekin hastea, eta eguraldia aldrebestu aurretik antolatu dugu".
Espero baino zabalkunde handiagoa
Udalan elkartuko dira 10:30ean eta 12:00etan hasiko dira saio libreak, gailurrean bertan. Jatekorik eta edatekorik ez da faltako. Beraz, ez dago izenik eman beharrik eta parte hartu gura duen edonor dago gonbidatuta: "Hasieran ez genion zabalkunde handirik eman nahi, baina sare sozialetan espero baino gehiago hedatu da eta jende askok esan digu bertaratuko dela. Arrasatetik ez ezik, inguruko herrietatik ere etorriko da jendea", azaldu du Zubizarretak.