Mobilizazio eta agerraldiei helduko diete atzera ere Oradaindu kaltetuen plataformako kideek irailean. Oraingo astean, eguenean, manifestazioa egingo dute Laboral Kutxaren bulegoetara. 18:30ean irtengo dira Zaldibartik eta Korporazioari eta Fagorri eskatuko diote "iruzur bidez" borondatezko ekarpenetan, merkataritza maileguetan eta kapital sozialean "zor" dietena itzul diezaieten.
Iraileko ekitaldi nagusia, baina, hilaren 8tik 19ra bitartean egingo duten kanpaldia da. Ia bi astez Arimazubin – Korporazioaren Egoitza Nagusiaren azpian – egongo dira plataformako kideak 09:00etatik 17:00etara. Korporazioari zuzeneko negoziazioa eskatuko diote horrela.