Mauken eguna iraileko lehen zapatuan izango da Arrasaten

Jon Berezibar 2014ko abu. 28a, 08:51

Irailaren 6an egingo da Merkemerkaua. Ibai-Arte elkarteko 35 komertzio inguruk aterako dute generoa kalera, eskaintza eta mauka bereziekin, egun guztian zehar. Horrekin batera, dendari elkarteak ortuko produktuekin osatutako 100 otzara banatuko ditu astelehenetik aurrera bezeroen artean.

Gogotsu ekingo diote herriko merkatariek ikasturte berriari. Astelehenetik aurrera, Ibai-Arteko komertzio baten erosketa egiteagatik, ortuko produktuekin osatutako otzara irabazteko aukera izango dute bezeroek, hilaren 19ra arte. 100 otzara banatuko dira Arrasateko 7 baserriren produktuekin.

Eskaintza eta maukak, kalean

Merkemerkauari dagokionez, datorren zapatuan, irailak 6, izango da aurten eta dagoeneko 30 dendatik gora daude konfirmatuta; arropa, osagarri zein oinetako dendak, oro har. Generoa kalera atera eta eskaintza bereziak ipiniko dituzte merkatariek datorren zapatuan 10:00etatik 20:30era, eten barik, egun guztian. Alde zahar inguruko dendariek kalean bertan ipiniko dituzte saltokiak eta erdigunetik kanpoko komertzioak  Biteriko karpa baten egongo dira.

Arrasateko ortuetatik, etxera

Honekin batera eta hileko hirugarren astean ospatuko den Aste Berdearen ekintzen barruan, merkatarien elkarteak Arrasateko baserritarren produktuen otzaren zozketa ere egingo du. Herriko merkatariek, sariketa honekin gura dutena da ingurumenarekiko duten konpromisoa erakutsi eta bertako zein sasoiko produktuak kontsumitzearen garrantziaz ohartarazi.

Hala, Irailaren 1ean hasi eta 19ra bitartean, 100 otzara zozketatuko dituzte komertzioetan erosketengatik. Astelehenetik aurrera, hortaz, bezeroak saritzen hasiko dira Ibai-Artekoak. Gainera, bezeroari unean bertan jakinaraziko zaio saritua izan den edo ez. Otzara, ostera, irailaren 20an jaso beharko da 13:15ean San Frantzisko eliza inguruan, hileroko baserritarren azokaren barruan. Orduan jarriko dituzte erakusgai 100 otzarak eta saridunek komertzioaren zigilua daraman erosketa-tiketa erakutsi beharko dute otzara jasotzeko. Honako baserrien produktuekin osatuko dituzte sari-otzarak: Askasibar, Ikutio, Enuzketa-aldekoa, Gorostitza, Bidasoro, Elkoro eta Tximitxarte. Banatzen ez diren otzarak Elikagai Bankura bideratuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak