Doinu eta erritmo elektronikoen euskal jaia egubakoitzean hasiko da Arrasateko Santa Marina auzoan, aurreko urteetan bezalaxe. Laugarren edizioa du aurten jaialdi honek, baina antolatzaileen esanetan, orain arteko ediziorik "potoloena" izango da.
"Aldapa" antolatzaile lanetan dabilen kide batek Goienari adierazi zionez, asteburu elektroniko honen helburuak hainbat dira. Batetik, musika elektronikoaren esentzia zabaltzea eta proposamen artistiko ezberdinak ezagutzea; eta bestetik, bertako artisten lana ezagutzera ematea.
Udalaren kolaborazioa ere nabarmendu dute antolatzaileek, eta gehitu dute musika emanaldiekin batera barra zerbitzua ere egongo dela.
Egitaraua luze eta zabal prestatu dute antolatzaileek, eta jaialdiak asteburu guztia hartuko du Arrasaten. Egubakoitzean hasiko da Electrogaia 2014 jaialdia eta domekara arte luzatuko da ospakizuna.
DJ euskaldunak
Jaialdian parte hartuko duten hogeita hamabost DJ-ren artean euskal panorama elektronikoko artista onentsuenak egongo dira, izan bailarakoak edo izan kanpokoak. Besteak beste, Alain, Imatxilaut edo Iñaki Cerqueira Kirrin entzuteko eta hauen erritmoarekin gozatzeko aukera izango dute gerturatzen direnek. Gainera, emanaldi ugari egongo direnez jorratuko diren estiloak ere anitzak izango dira, batzuek klasikoagoak, besteak organikoagoak... Musika mota honek bere baitan hartzen dituen azpi-estilo asko entzun ahal izango dituzte musika elektronikoaren zale guztiek.
Hala ere, "Aldapa" antolatzaileak Goiena-ri adierazi dionez, ez da lan erraza izan horrelako kartel konpletoa osatzea. Antolatzaileak mundu horretan lagun asko dituela aitortu du, eta horrela lortu duela gonbidatuak Gasteiztik, Donostiatik eta Bilbotik etortzea.
Punkaren presentzia
Jai elektronikoa izan arren, festari hasiera ematearen arduradunak punk kontzertuak izango dira; sei bailarako talde, hain zuzen ere.
Egubakoitzean, 17:00etan hasiko dira kontzertu hauek: Aramaioko El Exterminio de la Raza del Mono taldea, Aretxabaletako Krisis, eta Arrasatetik Kadena Perpetua, Repelencia, Transgresion eta WC taldeak.
Denen artean, sei bat orduko punk emanaldia emango dute, gero musika elektronikoari lekukoa pasatzeko.
Hazten doan musika estiloa
"Aldapa"-ren aburuz, hazten doan musika estiloa da elektronikoa. Tamalez, baina, lehen Euskal Herrian horrelako jaialdi gehiago egiten zirela kontatu du. Orain ordea, zehaztu du Londres, Madril edo Bartzelonara joan behar izaten dela hauek ikustera.
Beraz, musika elektronikoaren zaleak galdu ezineko hitzordua daukate asteburu honetan Arrasateko Santa Marina auzoan.