Inguruetako pertika jauzilari onenak lehiatu ziren atzo Mojategin

Maialen Torres 2014ko uzt. 17a, 10:53

18:45ean hasi zen atzo pertika jauzi txapelketa. Beroketa saioari ekin zioten lehenengo, eta lehiakideek neurria hartu ahal izan zioten beren salto gaitasunari. Pertika desberdinekin froga egin ondoren, txapelketa hasi zen. Neskak eta mutilak txandaka aritu ziren saltoka eta listoiaren altuera igo ahala, lehiakideak ere bidean geratuz joan ziren.

Aurreikuspenak betez, Naroa Agirre izan zen nesketan onena, 4.41 metroko emaitzarekin. Hala ere, lehia interesgarria izan zen, pertika jauzilari arrasatearren entrenatzaile Jonathan Perezek esan bezala, Carla Franch eta Rebeka Yagüek maila apur bat hobea izan arren, Maialen Axpe ere castelloarraren eta nafarraren parean ibili baitzen.

Inork bere marka pertsonala gainditu ez bazuen ere, emaitza on batzuk izan ziren atzo. Besteak beste, Agirrek bere Mojategiko marka hautsi zuen, 2008ko 4.40ko emaitza zentimetro batean hobetuz. Donostiarra pozik agertu zen egindako lanarekin, izan ere, atzoko saioan ez zuen dena eman eta indarrak gordetzen aritu arren, marka ona egin zuen. Asteburu honetan bertan beste txapelketa bat dauka eta hemendik bi astera Espainiakoa. Beste emaitza aipagarria Jonathan Perezena izan zen, entrenatzaile lanetan aritu arren, bere 4.92 metroko marka lau zentimetrotan hobetu baitzuen. Kontuan hartu beharrekoa da bost metrotik gora salto egiten dutenak pertika jauzian bakarrik aritzen direla eta atzoko marka zortzi ordu lan egin ostean finkatu zuela Perezek. Axpe eta Ruiz de Azua arrasatearrentzat atzokoa ez zen egun ona izan, ez zuten beren marketara gerturatzerik lortu.

Emaitzak

Jonathan Perez 4.95
Naroa Agirre 4.41
Carla Franch 4.11
Maialen Axpe 3.91
Rebeka Yagüe 3.81
Malen Ruiz de Azua 3.71
Javi Herrera 3.31
Luis Aranzabal 3.31
Malen Orduña 2.41

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak