Ondo jaten ikasteko aukera biharko baserritarren azokan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko uzt. 18a, 09:00
Martxoko baserritarren azoka.

Hileko hirugarren zapatua da bihar eta beraz, baserritarren azoka jarriko da Seber Altube plazan (09:00-14:00). Uztaileko azokako berezitasuna izango da Amaia Diaz de Monasterioguren nutrizionistak eskainiko duen tailerra. Ondo jan ondo zahartzeko izenburuarekin, elikadura eta bizi-ohitura onen garrantziaz jabetzeko tailerra antolatu dute Udalak eta Jakionek. 

12 postu izango ditu biharko azokak: lau Arrasatekoak, lau bailarakoak eta beste lau Euskal Herrikoak. Beste azoka batzuetan postu gehiago egon izan dira eta beherakada Tolosan egingo den beste azoka batek eragin du. Udako produktuak egongo dira salgai: tomatea, piperra, pipermina, lekak, letxugak... Azoka amaieran hileroko zozketa egingo dute; bezeroen artean baserriko produktuez osatutako saski bat zozketatuko da.  

'Ondo jan ondo zahartzeko'

Uztaileko azokako berezitasuna izango da Amaia Diaz de Monasterioguren nutrizionistak eskainiko duen tailerra. Ondo jan ondo zahartzeko izenburuarekin, elikadura eta bizi-ohitura onen garrantziaz jabetzeko tailerra antolatu dute Udalak eta Jakionek. Diaz de Monasteriogurenek aurreratu duenez, "gosari osasuntsuak" emango dira: "Sasoiko fruta izango da oinarria eta horrez gain, esnekiak, zerealak eta beste zenbait produktu tartekatuko ditugu".

Biharko tailerra herritar edadetuenei dago zuzenduta bereziki: "Adin tarte horrekin lan egitea asko gustatzen zait, izan ere, aiton-amonak oso garrantzitsuak dira gure umeen elikaduran". Aiton-amonak elikaduraren gaiaren aurrean "oso aktibo" daudela gaineratu du nutrizionista oñatiarrak: "Galdera askorekin etortzen dira, jakin-min handia dute. Gainerako herrietan ematen ditugun hitzaldietara adin horretako jendea etortzen da nagusiki. Gastronomia gustatzen zaie, erosketetan aritzen dira buru-belarri eta asko dakite".

Zalantza horiek guztiak argitzea du helburu biharko saioak. Diaz de Monasterioguren 10:00etatik egongo da bertan, baina saioa 10:30ean hasiko da.

Ikasturtearekin "pozik"

Ikasturteko azken azoka izango da biharkoa, abuztuan ez delako egiten. Orain arteko balorazio positiboa egin du Udaleko Enplegu eta Garapen teknikari Marga Garmendiak: "Azoka egonkortu da eta saltzaile moduan gazteren bat ere sartu da. Azoka bakoitzean egin den ekintza bereziek harrera ona izan dute, pozik gaude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak